Otsailean bezala, martxoan ere langabeziak behera egin du gure eskualdean. Joan den hilabetearen hasieran 666 lagun ziren Doneztebeko INEM bulegoan izena eman zutenak, eta bukaeran berriz 42 guttiago, 624. 25 urte baino gehiagoko gizonek eta zerbitzuen arloan ari direnek dute jaitsiera gehien bat aprobetxatu.
Genero eta adinak begiratu eta, langabeziaren jaitsiera 25 urte baino zaharragokoetan sumatu da gehien bat. Duela hilabete bat 222 ziren, eta hilabete bat beranduago 195, 27guttiago. 25 urte baino gazteagokoetan eta emakumeetan ere, behera egin du, baina ez hainbeste. 25 urte baino guttiagoko gizonetan otsaila bukaeran baino 4 guttiago dira INEMen apuntatuak, 25 urte baino gazteagoko emakumeetan 6 guttiago, eta 25 urte baino zaharragokoetan 5 guttiago. Ohi bezala, azken hauek dira langabezia gehien pairatzen dutenak. Eskualdean 360 dira lan gabe bizi direnak. Gazteetan zenbakiak ez dira hain latzak emakumeetan 33 dira eta gizonetan 36.
Aitzineko hilabetean, industria izan bazen jaitsiera gehien aprobetxatu zuen arloa, azken huntan zerbitzuena izan da, duela hilabete bat baino 32 guttiago dira sail horretan lana bilatzen dutenak. Jaitsiera gehien aprobetxatu duena bada ere, denbora berean, langabezia tasa handiena horretan da, hil hunen hasieran 381 ziren zerbitzuetan lan baten bila zebiltzanak. Industria eta eraikuntzaren arloan, jaitsiera ez da hain nabarmena izan. Lehenean 5 guttiago dira langabezian, orotara 159, eta bigarrenean 7 guttiago, guztira 46. Gainerako bi arloetan, nekazaritzan ez da aldaketarik egon, eta aitzineko hilabetean bezala 11 dira lanik gabe. Inoiz lanik ez dutenetan berriz gora egin du bi lagunez, gaur egun 27 dira Doneztebeko INEMeko bulegoetan apuntatuak.
Joan den urteari konparatuz, martxoko datuak onak direla erran daiteke. Iaz garai berean baino 60 lagun guttiago daude langabezian gure eskualdean. Beherakada ere azkarragoa izan da aurten, 2006ko martxoan %2,3koa izan zen eta 2007koa %6,3koa.