Igande goizean, Haur Kantari Jaialdiaren bukaerako saioa ospatu zuten Gaiarren. Parte hartu zuten 24 taldeen artean 7 gure eskualdekoak ziren, eta haietariko batzuk sariren bat eskuratu zuten.
Euskal Kantuzaleen Elkarteak XX. aldikoz antolatu duen Haur Kantari Jaialdia 5 saioz osatua zen, lau eskualdeka, Elizondo, Lizarra, Lekunberri eta Antsoainen, eta, hauetan parte hartu zuten onenekin bukaerako saioa. Igande goizean, Iruñeko Gaiarre antzokian ospatu zen azken huntan, 5 bakarlari, 3 bikote eta 16 taldek parte hartu zuten. Gure eskualdeko ordezkaritzari dagokionez, 3 bakarlari, eta 4 talde ziren. Berako Izaro Iriarte, eta Leitzako Nahia Barriola eta Garazi Erbitik bakarka kantatu zuten, eta Baztango Ttuku Ttuku eta Xixo, Berako Axuriak eta Leitzako Andelek berriz taldeka. Aurten ere giro polita egon zen bukaerakoa saioan. Korrika egun berean ordu batzuk beranduago Iruñean bukatzen zela sumatu ahal izan zen parte hartzaile batzuk dortsalarekin igo baitziren oholtzara.
Kontzertua bukatzerakoan, txapelketa ez bada ere, iaz bezala sari batzuk banatu zituzten haurren lana eskertzeko, eta bestalde haien animoa pizteko. Hemengo taldeak ez ziren esku hutsik itzuli lauk sariren bat eskuratu baitzuten. Ttuku Ttuku taldeak ahoskeraren saria eskuratu zuen eskainitako Goizian Argi Hastian kantuarekin, Xixo taldeak, Baztangoa hau ere, giro polita sortzearen saria Arratsalde Honetan kantuarekin, Izaro Iriartek, interpretazioaren saria Xalbadorren Heriotzean kantuarekin, eta azkenik, Berako Axuriak Taldeak, aurkezpen originalenaren saria Maitasun hitzak kantuarekin.