Baldintza hoberenak ez baziren ere, gidariek erakustaldi polita eskaini zuten Eguzki Sport Eskuderiak X. aldikoz antolatu zuen Usategietako Igoera. Garaipena Pantxo Egozcuerentzat izan zen, eta eskualdeko denborarik onena Josetxo Duperu saratarrak egin zuen.
Igande goizean eguraldiarekin ez zuten batere suerterik izan euria ez baitzen sekulan gelditu. Gidarientzat eta begira egoteko txarra bazen ikuskizunari piper gehiago eman zion. Sailkapen orokorrean ez zen ez ustekorik izan, eta podiumetan ohitua den Pantxo Egozcuek irabazi zuen bigarren mangan egindako 3 minutu eta 55 segundoko denborarekin. Bigarrena gelditu zen Aitor Errorekin batera bakarra izan zen 5kmen egiteko 4 minutu baino guttiago behar izan zituena.
Gure eskualdeko gidariei dagokionez, hoberena Josetxo Duperu saratarra izan zen ibilbidea betetzeko 4 minutu eta 20 segundo behar izan zituelako. Bigarren mangan egindako denborarekin sailkapeneko 9. postua lortu zuen. 12. postuan, gure eskualdeko 2.a, Lesakako Ramon Zozaia izan zen. 4 minutu eta 26 segundo izan zen bere denborarik onena. Koteto Altzugaraiek, lesakarra ere, 20. postuan bukatu zuen 4 minutu eta 43 segundoko denborarekin. Imanol Oskotz, baztandarra 26. izan zen 5kmak 5 minutu eta 6 segundoko denborarekin burutuz. Urdazubiko Mattin Villaresek entrenamenduan arazoak izan zituen, eta lasterketa utzi behar izan zuen. Juan Bidagain berriz, Baztango bigarren ordezkaria ez zen ezta abiatu.