Laxoa Elkarteak antolatzen duen XXVIII. Laxoa txapelketa larunbatean hasiko da Doneztebe, Hendaia eta Iruritan jokatuko diren partidekin.
Aurten iaz baino talde bat gehiago aurkeztu da, beraz 12 talde izanen dira txapelketa irabazteko lehiatuko direnak, 4 Doneztebekoak, 3 Iruritakoak, 2 Arraiozkoak, 2 Oizkoak eta bertze bat Hondarribikoa. Txapelketaren hasiera liga moduan jokatu da bi multzotan banatuta joan etorriko partidetan, eta multzo bakoitzeko lehen lauek lortuko dituzte final laurdenetako txartelak. Hortik aitzinera kanporaketa zuzenak izanen dira abuztuaren 5ean Iruritako plazan jokatuko den finala arte.
Doneztebe A, Felipe Ganboa, Lui Migel Apezetxea, Jose Mari Ancizar eta Patxiku Ganboa iazko txapeldunak izanen dira XXVIII. Edizioko faboritoak. Joan den urtean norgehiagoka guziak irabazi zituzten, eta finalean ere ez zuten lan anitz izan Irurita A taldeari nagusitzeko 9 eta 2, eta Doneztebeko 16. txapela irabazteko.
Aipatu bezala, lehen jardunaldia asteburuan hasiko da. A multzoan, Doneztebe C Doneztebe A taldearen aurka arituko da larunbat arratsaldeko 17:00etan. Ordu berean, baina Iruritan, herriko C taldea Oitz A taldearen aurka arituko da, eta azkenik, igande goizeko 11:30ean, Oitz Bk Irurita A taldearen aurka jokatuko du herriko plazan. B multzoari dagokionez, larunbat arratsaldean, Hondarribi eta Irurita B neurtuko dira Hendaiako plazan, eta igande goizeko 11:30ean Arraioz B Doneztebe Dren aurka arituko da, eta Doneztebe B Arraioz Aren aurka, Arraiozen eta Donezteben hurrenez hurren.