Aitzineko asteburuetan bezala, urrezko aizkolarien txapelketako kanporaketa batzuk jokatuko dira heldu diren larunbat eta igandean. Xabier Mindegia Daniel Vicenterekin neurtuko da Zegaman. Bestalde, Jon Rekondo ere aritzekoa zen, baina Otaño gerritik gaizki dagoela eta, txapelketan aitzinera egin du jokatu gabe.
Lehen hitz-ordua Zegaman izanen da larunbat arratseko 22:30ean. Saio horretan gure eskualdeko ordezkari bat izan behar genuen, hau da Jon Rekondo. Leitzarra, Unai Otañoren aurka aritzekoa zen, baina Ibartarra gerritik gaizki dago, eta ezin izango du parte hartu. Hortaz, Jon Rekondo ondoko kanporaketarako zuzenean sailkatu da. Horretan Faustino Mugertza izanen du aurkari. Norgehiagoka hori aparte, bertze hiru kanporaketa jokatuko dira Zegaman, bi helduen mailan, eta bertze bat 18 urte azpiko mailan. Gazteen mailan, Jokin Alkizalete, Jon Rodriguezen aurka arituko da, eta maila nagusian berriz, Iñigo Aierbe Jesus Mari Lasaren aurka, eta Jose Ugarteburu Etxebesteren aurka.
Biharamuneko saioa, Lezaunen jokatuko da, eguerdiko 12:30etik aitzinera, eta kanporaketa bateko bi aizkolarietariko bat gure eskualdekoa izanen da. Aitzineko norgehiagokan Xabier Mindegia Labaiendarrak itxura polita eskaini zuen, baina igandean lehia gogorragoa izanen du Daniel Vicenteren aurka arituko baita. Hala ere, Malerrekako aizkolariak txapelketan segitzeko aukerak baditu, eta maila ona erakutsiz gero irabaz dezake. Lezaunen jokatuko den bertze kanporaketa Juanjo Lopez eta Jesus Mari Mugikaren artekoa izanen da.