Belate Elkarteak antolatzen duen eskuz binakako pilota txapelketa bukatzera doa larunbat goizean finalak jokatuko baitira Lesaka eta Berako pilotalekuetan. Guztira 16 mailatan banaturik, 174 bikote hartu dute parte aurtengoan, baina azken partidetarako hoberenak baizik ez dira gelditzen. Finalak goizeko 9:30etik aitzinera hasiko dira, aitzineko partida bukatu bezain laster ondokoa hasiko da.
Lesakako pilotalekuan, 8 final jokatuko dira. Kantxaratuko diren lehenak ttikien lehen mailakoak izanen dira. Ultzamako Kulpittu taldeko Gazkue eta Iribarren, Umore Onako Apezetxea eta Salaberria Goizuetarren aurka neurtuko dira aurtengo txapela janzteko. Ondoko partida, umeen hirugarren mailako finala izanen da Iruñerriko Kaskailueta eta Zizurko Ardoien artekoa, hala nola, Olague eta Valiente, eta, Aiape eta Solaren artekoa. Lesakako hirugarren eta laugarren partidak kimuen adinekoak izanen dira. Hirugarren mailan, Barañaingo Lagunak taldeko Uzkua eta Rodriguez, Zizurko Ardoi taldeko Oloron eta Zabalaren aurka arituko dira. Bigarren mailan, eskualdeko bi bikoteren arteko norgehiagoka izanen da, Txarutako Mindegia eta Anduezak, haien publikoaren aitzinean arituko diren Arkupeko Sanjujo eta Olaizolaren aurka jokatuko dute. Kimuen maila alde batera utziz, ondoko partiduak haurren adinekoak izanen dira. Hirugarren mailan, Altsasuko Pilotajauku taldeko Ramirez eta Alonso, Lagunak taldeko Monreal eta Martinezekin neurtuko dira, eta lehen mailan berriz, Irurtzungo Bi Aizpe taldeko Zelaia eta Igartoa, Goizuetako Umore Onako Arozena eta Etxeberriarekin. Kadeteen lehen mailako finalean, Txaruta taldeko bi bikote arituko dira alde batetik Juanenea eta Juanena, eta bertzetik, Oronoz eta Kanpo. Lesakan jokatuko den azken finala, gazteen bigarren mailako izanen da, eta horretan ere, talde bereko bi bikote arituko dira Ultzamako Kulpittu taldekoak hain zuzen ere, Dorai eta Larraioz, Valpuesta eta Eugiren aurka.
Berako Eztegara pilotalekuan bertze hainbertze partida jokatu dira, hauek ere 9:30etik aitzinera, eta Lesakan bezala gazteenetatik hasiz helduenak arte. Ttikien bigarren mailan, eskualdeko bi talde arituko dira, Gure Txokoa eta Txaruta. Beratarrak, Elzaurdi eta Sanzberrok, Baztango Meoki eta Irazoki izanen dituzte aurkari. Beran jokatuko diren ondoko bi partiduak kimuenak izanen dira, bigarren mailan Igantziko Biltokiko Canabal eta Matxikote, Iruñeko Donibane taldeko Fernandez eta Medinaren aurka arituko dira, eta lehen mailan ere, Donibaneko bertze talde bat izanen da, Bakaikoa eta Laso. Hauek Txarutako Anso eta Espelosinekin neurtuko dira. Kimuetan, lehen mailan, Gure Txokoa eta Txarutaren arteko finala jokatuko da, alde batetik Errandonea eta Mitxelena, eta bertzetik, Elizalde eta Untxalo. Ondoko finalean, haurren bigarren mailakoan, ez da gure eskualdeko ordezkaririk izanen. Lagunak taldeko Bernabé eta Iturbide, Olaztiko Sustegi taldeko Borrega eta Gastaminzaren aurka arituko dira. Eztegara pilota lekuan jokatuko den seigarren finalean, Lagunak eta Etxarriko Gure Pilota taldeko ordezkariak izanen dira protagonista nagusiak, Barañaingo taldearentzat Matxinena eta Otamendi arituko dira, eta Sakanako taldearentzat berriz, Mintegi eta Urkijo. Goizeko azken bi partidak Beran, gazteen lehen mailakoak eta helduen mailakoak izanen dira. Gazteetan txapela Irurtzungo Bi Aizpe taldeko Zaranton eta Razkin, eta, Arbizuko Aldabide taldeko Berbera eta Etxeberriaren artean jokatuko da, eta helduen mailan berriz, Aldabide taldeko Arruti eta Agirre, eta Olaztiko Sustegi taldeko Saez eta Zornozaren artean.
Helduen finalak emanen dio bukaera aurtengo txapelketari. Orduan 14:30ak aldera sari banaketa eginen dute pilotari guziak Berako pilotalekura bildu ondotik. Sarien emateko bertan egonen dira pilota munduko aurpegi ezagun batzuk, hala nola, Panpi Laduche, Sebastien Gonzalez eta Iñaki Otxandorrena bertzeak bertze.