Haur Kantari Jaialdia igandean bukatuko da Gaiarren

ttipi-ttapa 2007ko martxoaren 30a

XX. edizio honetako bukaerako saioan gure eskualdeko 7 talde arituko dira

Elizondo, Lizarra, Lekunberri eta Antsoain bisitatu ondotik, XX. Haur Kantari Jaialdia igandean bukatu da Iruñeko Gaiarren. Aitzineko saioetako talde hoberenak hautatu eta hauekin osatu dute igandeko emanaldia. Horietariko 7 hemengoak dira, Baztan, Bera edo Leitzakoak.

Jaialdia apirilaren 3an hasi zen Elizondoko Lur Dantzalekuan. Bertan Baztan, Bortziriak eta Malerrekako bakarlari, bikote eta taldeak aritu ziren. Ondoko larunbatean saioa Lizarra izan zen, eta hirugarrena berriz Lekunberrin, horretan parte hartu zuten Leitzaldekoek. Azkena, joan den larunbatean izan zen Antsoainen. Iaz bezala, aurten ere, antolatzaileak, Nafarroako Euskal Kantuzaleen elkarteak, jaialdiaren aldeko apustua egin zuen alde batera utziz lehengo txapelketa. Protagonista nagusiak haurrak eta kantuak zirela lehiaketa baztertzea erabaki zuten ahal bezain bat gozatzeko. Hala ere, jaialdiaren amaierako kontzertua antolatu dute lehen lau saioetan haien ustez hobekien kantatu duten gazteekin.

Igandean, gure eskualdeko 7 bakarlari edo talde arituko dira Gaiarren. Bakalariak hiru izanen dira, Berako Izaro Iriarte Xabier Leteren “Xalbadorren Heriotzean” kantuarekin, Leitzako Nahia Barriola kantu berarekin, eta Garazi Erbiti leitzarra ere, Xabier Amurizaren “Mendian Gora Aritza”. Taldeka arituko direnak bertze lau izanen dira, bi Baztangoak, Ttuku Ttuku eta Xixo, Etxahun Iruriren “Goizian Argi Hastian”, eta Sorotan Beleren “Arratsalde Honetan” kantuekin hurrenez hurren. Berako Axuriak Taldeak ere parte hartuko du igandeko saioan “Maitasun Hitzak” kantu herrikoia eskainiz. Gure eskualdeko azken ordezkaria Leitzako Andele taldea izanen da “Irrifarrea” abestiarekin.

Saioa goizeko 11:30ean hasiko da, eta Nafarroa osoko 19 taldek hartuko dute parte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun