N-121-A errepidea moztuta egon da egun guzia

ttipi-ttapa 2007ko mar. 29a, 20:16

Kamioia ateratzeko lanak uste baino gehiago luzatu dira

Ortzegun goizeko 8:00etatik arratsaldeko azken orduak arte N-121-A errepidea moztua egon da Etxalarko benten parean, bezperan Bidasoara eroritako kamioia ateratzen aritu baitziren.

Asteazken goizean, elikagaiak egiteko animalien gurinak zeramatzan kamioi bateko gidariak kontrola galdu zuen eta Bidasoara erori zen 60m inguruko saltoa eginez. Ezbeharra 11:00ak aldera gertatu zen Iruñea aldera joanez Etxalarko bentak pasatu eta berehala dagoen bihurgune txarrean. Suhiltzaileek gidaria Iruñeko ospitalera eraman zuten larri zaurituta, baina istripuak trafikoan ez zuen halako eragozpenik eragin.

Ortzegunean ordea, bertze kontua bat izan da eta trafikoa egun guzia desbideratu behar izan dute trenbidetik edo Igantzi eta Lesakatik barna. Kamioia atera baino lehen eramaten zuen likidoaz hustu behar izan dute, eta ondotik atera garabi baten laguntzarekin. Leku txarrean izanik lanak uste baino gehiago luzatu dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun