Eskualdea korrikaren zain dago

ttipi-ttapa 2007ko martxoaren 30a

TTIPI TTAPA

Heldu diren egunetako Korrika txikiak antolatu dituzte hainbat herritan

XV.korrika aitzinera doa eta ortzirale arratsaldean gure eskualdera ailegatuko da Artesiagatik jaitsi ondotik. Larunbatean, Xiberua, Behe Nafarroa eta Lapurdin barna ibili eta gero, gure eskualdera itzuliko da Endarlatsatik.

Baztanera ortzirale eguerdian ailegatuko da, eta Irurita, Elizondo eta Erratzu zeharkatu eta gero, Behe Nafarroa aldera joko du Izpegiko gainetik. Bortzirietara berriz larunbat arratsean ailegatuko da 22:30ak aldera. Orduan N-121-A errepidetik Donezteberaino joanen da eta hortik Orokieta gaina aldera joko du Malerrekako herriak zeharkatuz igandeko lehen orduetan. Hurbiltzen den bitartean gure eskualdeko hainbat herritan merenduak edo afariak antolatu dituzte, tartean Arantza, Sunbilla eta Iturenen.

Korrika kulturalak ere aitzinera segitzen du. Hortaz ortziralean Patxi Usobiaga eskalatzaileak “Pisu gabezia” solasaldia eskainiko du arratsaldeko 19:30ean Berako Kultur Etxean. Egun berean Elizondoko Gaztetxeak olerki eta bertso musikatuen emanaldia antolatu du baita Kabul eta Kalapite taldeen kontzertua ere. Arantzan berriz musean arituko dira ortzirale arratsean txapelketa antolatu baitute

Gure eskualdean ordu ttikietan pasatzen delako, eta haurrei parte hartzea zaila eginen zaielako, hainbat herritan korrika ttikiak antolatu dituzte. Beran ortzirale goizean eginen dute 11:00tan, Etxalarren berriz, eguerdiko 14:30ean, eta Arantzan arratsaldeko 16:30ean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun