Igandean hasiko da arrantza denboraldia

ttipi-ttapa 2007ko martxoaren 28a

Baldintza onak badira ere, euriak segitzen badu Bidasoara hurbiltzea zaila izanen da

Ohi baino beranduago bada ere, heldu den igandean, apirilaren 1ean, hasiko da arrantza denboraldia. Azken egunetako euriak ikusi eta errekak egoera onean egonen dira, hala ere, baldintza perfektuak izateko eguraldi txarrak gelditu beharko luke urak jaitsi daitezen.

Izokin arantzan arautegi arruntago batera itzuli dira, iazko etenaldia 8. alea harrapatu eta gero deuseztatu dute. Aipatu bezala denboraldia, 2006. urtean baino 2 aste beranduago hasiko da, eta uztailaren 15a arte iraunen du. Arrantzatzen ahal diren izokinen kopurua bere horretan geldituko da 50etan. Kasu horretan, orduan bukatuko da denboraldia. Arrantza etenaldiaren arauan arrantzaleei arrazoia eman bazaie, anitz kritikatu duten arpoitxoak dituzten amuekin aritzearen debekua altxatzea ez dute lortu, beraz, aurtengoan ere, gabe egin beharko dute. Arrantzale bakoitzak kaña bat baizik ez du izaten ahalko. Egun guziz ibiltzen ahalko dira, salbu jai ez diren asteartetan. Arrainen neurriari dagokionez guttienez 40cmkoa izan beharko du, eta hala ezpada, kalte guttien eraginez utzi beharko dute. Mikromarka duen izokina harrapatuz gero, burua eskualdeko arrantza-zainari eman beharko zaio.

Amuarrain arrantza ere, igandean hasiko da, eta uztailaren 31 arte luzatuko. Heriotza eragin gabe aldiz, bertze hilabete batez aritzen ahalko da. Erreka eta ibaien arabera neurri minimoa aldatuko da, nagusietan 23cmkoa izanen da, eta ttikiagoetan 20cmkoa. Itsas amuarraina izanez gero, eduki ahal izateko, 35cm izan beharko ditu. Eguneko kopuru muga hirukoa izanen da arrantzale bakoitzeko. Zehaztasun gehiago nahi izanez gero informazio osatuagoa aurkitu daiteke Ingurumen Saileko Nafarroako Gobernuko web orrian, www.navarra.es.

Joan den urtean, lehenbizikoa, 70 urteko Hondarribiko Jose Luis Lopezek harrapatu zuen 50 delako putzuan. 4.950kg eta 70cmko arraina Iruñeko Hartza jatetxeari saldu zion 1600 euroren truke. Aurtengoan Jose Mari Mitxelena arrantzale Beratarrak Ttipi Ttapari erran dionez, “Baldintza onak dira. Euri anitz egin du, eta beraz, arraina sartu da. Momentuz urak ez dira zikinegia, eta kolore pixka bat izatea arrantzan aritzeko laguntzen du”. Hala ere, Jose Mariren ustez, “heldu diren egunetan eguraldi txarrak segitzen badu korronte gehiegi izanen da, eta zaila izanen da Bidasoara hurbiltzea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun