2006. urteko udaz geroztik, La Caixa eta Nafarroako Gobernuak sinatutako kolaborazio hitzarmenari esker gure eskualdeko lau natur gune hobetzeko 455.000 euro inbertitu dira.
Joan den uztailean, Nafarroako Natur Guneen Sarea kudeatzeko eta kontserbatzeko programa garatzeko, kolaborazio hitzarmena sinatu zuten herrialdeko gobernuak eta La Caixa bankuak. Proiektuak ingurumenari lotuak diren hainbat helburu biltzen ditu, hala nola, babestuak diren ihizien bizilekua hobetzea, natur guneen erabilpen publikoa erraztea, paisaien berrekuratzea, suteen aurka prebentzioan aritzea, eta errekak edo bertzelako trabei irtenbideak ematea, bertzeak bertze. Herrialde osoan 42 gune daude sarean bilduta, orotara 250.000 hektarea.
Hitzarmena sinatu zutenez gero, gune hauetan egin diren 13 proiektu finantzatu edo diruz lagundu dituzte 1,2milioi eurorekin. Horietariko 4 gure eskualdekoak dira. Urroz eta Labaienen, Leurtzako urtegira joateko bidea hobetzeko 183.000 euro eman dituzte. Bertizko parkean, bi izan dira finantzatu dituzten proiektuak. Batetik 98.000 ordaindu dute natur parkeko zubia moldatzeko, eta bertzetik, 48.000 euro zentzumenezko ibilbidea egiteko parkeko baratze historikoan. Diru lagundu den laugarren proiektua Baztanen burutu da, Aritzakun eta Urritzaten. Bertan, bazkalekuak eta Goramendin dauden hondarrak berreskuratu dituzte 127.000 euroko kosturako.