Eguzki Sport eskuderiak antolatzen duen X. usategietako igoera edo “Jose Angel Calderon memoriala” heldu den igandean ospatuko da, apirilaren 1ean. Ohi bezala, proban banatuko diren puntuak balio izanen dute mendiko Nafarroako txapelketako maila nagusirako eta gazteen mailarako.
Egiaztapen administratiboak eta teknikoak bezperan eginen dira Etxalarko bentetan arratsaldeko 15:00etatik 20:00ak arte. Lasterketa egunean Etxalartik Sarara doan Na-4400 errepidea goizeko 9:30ean hetsiko dute, ordu bat beranduago entrenamenduko saioari hasiera emateko.
Probak 5kmko luzera izanen ditu 6,2kmtik 11,2kmra. Entrenamenduko saioa bukatu bezain laster hasiko dira sailkapen orokorrerako balioko duten manga kronometratuak. Gidariek bi aukera izanen dituzte 5 km hauek ahal bezain laster egiteko. Erlojuaren aurkakoa bukatu bezain laster parte hartzaile guziak Etxalarko herria hurbilduko dira sari banaketa egin ahal izateko arratsaldeko 15:30ean. Sailkapen orokorreko lehen 10ak sarituko dira, eta kategoria ezberdinetako lehen hiruak.