Joan den asteburuan urrezko aizkorako 6 kanporaketa jokatu ziren, 3 larunbatean Asteasun, eta bertze 3 igandean Lekunberrin. Gipuzkoan jokatutakoetan gure eskualdeko ordezkari bat bertzerik ez zen izan, hau da Alejandro Mindegia. Bere debutarako bakarkako txapelketan, Labaiendarra Jokin Alkizaleteren aurka aritu zen 18 urte azpikoetan. Malerrekarra maila polita erakutsi zuen, eta zutikako enborrean izan ezik bertze guzietan gailendu zen. Egin beharreko lanak betetzeko 10 minutu eta 7 segundo eman zituen. Alkizaletek, bertze minutu eta 6 segundo behar izan zituen. Larunbateko bertze norgehiagoketetan, Ugarteburuk Toledanori irabazi zion, eta Aierbe II.ak Mugerza II.ari.
Lekunberrin berriz, jokatutako kanporaketa guzietan gure eskualdeko ordezkari bat aritu zen. Xabier Mindegia, Rodriguez I.aren aurka aritu zen, eta bi aizkolariek lehia polita eskaini zuten lan guzietan segundo batzuetako aldea bazik ez baitzen izan bien artean. Eskerrak Labaiendarrarentzat aldea beti bere alde izan zen. Lan guzien betetzeko 11 minutu eta 10 segundo behar izan zituen, eta Rodriguez I.ak 11minutu eta 34 segundo. Bigarren kanporaketan, Jon Rekondo aiseago gailendu zen. Proba guziak eramanez, bukaerako denboran 2 minutu eta 40 segundo kendu zizkion, Zegamako Jesus Mari Esnaolari. Hirugarren lehian, Felix Etxeberria, Jose Juan Barberenaren aurka aritu zen, eta zoritxarrez, 6 segundogatik bada ere, Sunbildarrak txapelketa agurtu behar izan zuen. Bi aizkolariak oso parekatuak ibili ziren. Lehen mozketan, kolpeka, Barberenak Etxeberria baino 3 kolpe guttiago behar izan zituen. Ondoko proban berriz, erlojuaren aurka, biek denbora bera egin zuten. 3.lanean, zutikako enborra moztean, Etxeberria nagusitu zen, eta 17 segundoko aldea atera zion, baina ondoko proban, iraupenekoan, ordainak pagatu behar izan zituen, eta Barberenak 20 segundo kendu zizkion. Kontuak egiterakoan Jose Juanek 9 minutu eta 10 segundo behar izan zituen lan guzien betetzeko eta Felixek 9 minutu eta 16 segundo. Ondoko kanporaketak heldu den asteburuan jokatuko dira Zegaman eta Lezaunen.