Iaz bezala, igandean jokatuko den eskuz binakako finalean gure eskualdeko pilotari bat izanen dugu, Olaizola, baina aurtengoan lehena. Belokirekin batera goizuetarra Xala eta Eulateren aurka arituko da.
Ogetan jokatuko den finalean, Asierek binakako 3. txapela janzteko aukera izanen du. Ohore hori dagoneko bitan izan zuen 1999an eta 2001ean, Elkoro eta Goñi III.arekin hurrenez hurren. 2002an ere finalean egon zen Patxi Ruizekin batera, baina orduan igandean bere aurka arituko den Xalaren aurka galdu zuen. Urte hartan Lekuindarra Lasa III.arekin aritu zen. Aurtengoan bi urtetik behin hitzordua huts egiten ez duen Belokirekin arituko da. Burlatarra 1996an eta 2003an podiumeko lehen mailara igo zen eta 1994an, 1999an, 2001ean eta 2005ean bigarrenean gelditu behar izan zuen. Asegarcekoek esperientzia haien alde izanen badute parean gazteen freskotasunen izanen dute. Aspeko pilotariek 27 urte besterik ez badituzte ere binakakoan bana txapel irabazi dituzte, Xalak 2001ean irabazi zuen Oskar Lasarekin eta Eulatek joan den urtean Irujorekin.
Bi bikoteen artean ez dago faborito nagusirik. Aspekoek finalerdietako ligaxkan irabazi bazuten ere, bi bikoteen artean ez zen halako alderik sumatu eta aurtengo txapela eraman dezake. Hala ere, ortzeguneko prentsaurrekoan adierazi dutenez Asegarcekoek, atzean, Eulateren gainean, jokatuko dute Xalari aitzinean ahal bezain pilota gutti uzteko. Adituen erranetan horrek erabakiko omen du finala, Lekuindarra bere jokoaren egiteko aukera izaten duen hala ez, eta bistan dena atzean Eulatek eusten dioen hala ez.
Pilota aukeraketan Asegarcekoek pilota bizi xamarrak aukeratu zituzten eta Aspekoek berriz nahiko motelak, 6ak Punparenak. Lau pilotariek, ez dute adierazpen berezirik egin aurkariek hautatutako pilotariei buruz, baina bai Ogetako pilotalekuari buruz. Ortzegunean zikina eta hezea omen zen, eta laiek espero dute iganderako baldintza hobean izatea.