Urrezko Aizkorako bertze 6 kanporaketa jokatuko dira asteburuan. Gure eskualdeko 4 aizkolari arituko dira. Felix Etxeberria bigarren saioa izanen du, eta Alejandro Mindegia, Xabier Mindegia eta Jon Rekondo berriz lehena.
Lehen hitzordua larunbatean izanen da, Asteasuko pilotalekuan arratseko 22:30etik aitzinera. Gazteen mailan, 18 urte baino gazteagokoetan, Alejandro Mindegia 16 urteko Labaiendarra debuta eginen du Bakarkako Urrezko Aizkolarien Txapelketan, baina ez du lan erraza izanen bere publikoaren aitzinean izanen den Jokin Alkizaleteren aurka arituko baita. Larunbatean helduen mailako bertze bi norgehiagoka jokatuko dira, baina hauetan ez da hemengo ordezkaririk izanen. Ugarteburu Toldeanoren aurka arituko da, eta Aierbe II.a Mugertza II.aren aurka.
Igandeko saioa, Lekunberrin jokatuko da eguerdiko 12:30etik aitzinera bertako pilotalekuan. Maila nagusian jokatuko diren 3 norgehiagoketan gure eskualdeko bana aizkolari izanen dugu. Xabier Mindegia, Rodriguez I.aren aurka arituko da, eta adituek diotenez nafarrak ez du batere lan erraza izanen. Bigarren lehian, Jon Rekondo leitzarra Zegamako Jesus Mari Esnaolarekin neurtuko da. Gaztea bada ere, Rekondok ondoko kanporaketara pasatzea lortu beharko luke arazo handirik gabe. Lekunberriko azken norgehiagoka, Felix Etxeberria, etxean arituko den Jose Juan Barberenaren aurka arituko da. Txapelketan segitu ahal izateko Sunbildarrak maila hagitz ona erakutsi beharko du lekunberriarra baita bien artean faboritoa.