Legasan eta Lesakan eremu industrialak egiteko mozioak onartu ditu Parlamentuak

ttipi-ttapa 2007ko martxoaren 23a

Malerrekan eta Bortzirietan lur eremu industrialak prestatzeko mozioak onartu zituen Nafarroako Parlamentuak aho batez martxoaren 14an. Bi mozioak Helena Santesteban Berako alkateak egindakoak ziren, «zonaldeko garapen ekonomiko eta sozialarentzat beharrezkoak» direla iritzita. Legasan 200.000 metro koadroko eremuari erabilpena eman nahi zaio, Aceralia enpresarena, baina erabiltzen ez dena. Hala, lur horiek industriagune bilakatzeko behar diren neurriak hartzeko eskatu zion Parlamentuak Nafarroako Gobernuari. Gisa berean, Lesakan Arcelor enpresarenak diren Luberrondoko lurrak ere ez dira erabiltzen eta industriarako baliagarri izan daitezen jabetza publikoko lurrak izatea exijitu zuten. Halere, horretarako Lesakako saihesbidearen bigarren faseak akitua izan beharko luke; eta hori dela eta, «saihesbidea bukatzeko proiektuari lehentasuna emateko» exijitu zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun