Aste Santua gain-gainean dugu. Jendea planak egiten hasia da, norat joan, zer egin, zer bisitatu… Garai batean jendeak ez zuen bidaiatzera ateratzeko ohiturarik, baina gauzak aldatu egin dira. Nafarroako mendialdeak ere jende andana erakartzen du, Euskal Herrikoa zein kanpokoa. Eskualdean Aste Santua nolakoa heldu den eta azken urteetako turismoaren bilakaeraren berri izateko, inguruko leku bisitatuenetara jo dugu.
Kostaldeko herrietan izaten den jendetzatik urruti, lasaitasuna bila-tzen dute bidaiariek gure inguruan. Orain 15 bat urte inork guttik pentsatuko zuen landetxeek gaur duten harrera ona izanen zutenik gure eskualdean. 1996an, adibidez, Sara, Senpere, Baztan, Bortziriak, Bertizarana, Malerreka, Urdazubi, Zugarramurdi, Leitza eta Goizuetako landetxe guztiak kontatuta 331 zeuden. 2005ean 83 gehiago, 414.
Aurten, Aste Santuaren atarian gauden honetan, dagoeneko gehienak beteak dira. Okupazioa hagitz altua da. Udan, Aste Santuan eta urteko bertze zenbait kasutan etxeen okupazioa altua delako erronka nagusia: «hori urte osora zabaltzea». Halaxe erraten dute landetxeetan.
Landetxeak adina ez, baina badira egonaldiak egiteko bertze aukerak ere eskualdean. 17 hotel , 3 kanpaleku eta 7 aterpetxe.
Zer ikusi
Bidaiari kopuruaren gorakada toki guztietan nabaritu da. Bada zer ikusi gure inguruan: museoak, lezeak, Larrungo Tren Ttikia, urtegiak, natur parkea eta orohar herriak eta hainbat eraikin historiko. Txoko aunitz, gustuen arabera batekin edo bertzearekin gozatzeko. Orokorrean, azken aldian goiti egin du bisitari kopuruak, baina dudarik gabe Larrungo Tren Ttikia da eskualdean bisitari gehien hartzen dituena: 2004an eta 2005ean 359.000 lagun garraiatu zituen; 2006an 363.000 lagun.
Inguru horretara hurbiltzen diren bisitariek leizeak ikusteko ere aprobetxatzen dute: Sara, Zugarramurdi eta Urdazubiko lezeak. Itxuragatik eta aspaldiko kontuengatik erakargarriak jendearentzat. Sarako leizeek 2004an 100.430 bisitari hartu zituzten, urtetik urtera goiti egin duen kopurua: 2005ean 105.474 eta 2006an 110.600.
Leurtzako urtegiak ere bisitatuak dira. Mikel Albisuk azaldu digunez, «bisitari kopuruak nabarmen egin du goiti» 2005arekin konparatuz. Eta hala erakusten dute hauek: 7.000-10.000 gehiago 2006an. Leurtzaren kasuan urteko 184 egunetako datuak biltzen dira, martxotik urria bitartekoak, horregatik, urte osoan kopuruak goiti eginen luke, baina badira bertze batzuk maiztasunez joaten direnak eta horiek behin baino gehiagotan kontatuak izan daitezke. Bertze kasu aunitzetan bezala, abuztua izaten da jendetsuena, baina hori ere aldatuz doa: 2003an abuztuan pasatu ziren bisitarien %42; 2006an, ordea, %21a. Iazko datuei erreparatuz, uztailak gorakada haundia izan du, «eguraldi ona egin zuelako». Irailean eta urrian ere goiti egin zuen bisitari kopuruak, 2005ean 5.872 bisitari, 2006an 10.539 (kontuan hartu behar da, 2005ean baino 31 egun gehiagotako datuak zenbatu zirela 2006an).
Bertzelako bisitak ere maite ditu jendeak. Hori da, adibidez, Arizkungo San-txotena parke eskultorikoaren kasua. Bertatik adierazi digutenez, «aitzineko urteko zifrak bikoiztu egin ditugu». Zubietako errota-ekomuseoan, aitzineko urteetako datuei begira, osotara beheiti egin du bisitari kopuruak. Halere, alde nabarmena dago hilabete batetik bertzera. Maiatza eta apirila dira hilabeterik jendetsuenak. Joan den urteko abuztuan 851 lagun sartu ziren, urtarrilean 87.
Leitzaldean lekurik bisitatuena Plazaolako Natur Bidea izaten da, garai bateko Plazaola trenak Iruñea eta Donostia lotzen zituen bidea. Berriki ireki dituzten Mendukiloko kobazuloek ere badute arrakasta.
Turismo bulegoak lanez lepo
Lasaitasuna eta paisaia ederra. Arrazoi hori tarteko, gora egin du bisitari kopuruak. Bertizko Natur Parkeko turismo bulegoaren kasuan, Nafarroako Gobernuak utzitako datuen arabera, 2005ean 30.033 lagun pasatu ziren; 2006an 26.569. 2005ean kopuru horretatik %93,95 estatu espainiarretik etorriak ziren; gainerako %6,05 kanpotik. 2006an, %94,92 estatu espainiarretik; %5,06 kanpotik. Dena den, kontuan hartu behar da turismo bulegoetara bisitari guztien %40 soilik hurbiltzen dela.
Gero eta atzerritar gehiago etortzen da gure ingurura, baina kanpotik etor-tzen diren gehienak katalanak dira, ondotik madrildarrak. Bertizko turismo bulegotik, erraterako, Hego Euskal Herritik etorritakoak %45 inguru ziren 2005ean, eta joan den urtean gehiago, ia %50. Gainerakoak, ordea, kanpokoak. 2005ean, kanpotik etorritakoen %15,31a kataluniarrak ziren, 2006an %17,46. Segidan madrildarrak daude: 2005ean %9,71 ziren eta iaz %12,18.
Sarako turismo bulegotik, 21.676 pertsona pasatu ziren joan den urtean, 2005ean baino gehiago (20.975 duela bi urte). Adierazgarriena, ekaina eta iraila artean pasatzen dela batez ere jendea: 14.122 iaz, eta 14.934 2005ean.
Lekunberriko Plazaola turismo bulegoan ere igoera nabaritu dute. 2003an 12.228 bisitari izan zituzten eta geroztik etengabe egin du goiti, iaz, 17.729 lagun pasatu baitziren. Horietatik gehienak, Hego Euskal Herritik eta Kataluniatik etorriak. 2006an 11.354 ziren Hego Euskal Herrikoak, 2005ean 10.415.Katalanak 2006an 2.282 ziren eta orain bi urte 2.293. Atzerriko jende andana ere hurbiltzen da, portzentaiek igoera urtetik urtera ttikiagoa dela erakutsi arren, kopurua goiti doa. 2003an %7,16eko igoera izan zuen atzerritar kopuruak, 2006an, ordea, %4,76koa. Horietatik gehienak frantsesak dira.