• Martxoaren 22az geroztik Korrika 15 Euskal Herriko txokoak zeharkatzen ari da. Eskualdera martxoaren 30ean ailegatuko da, Baztanera.
• Korrika AEK euskaltegiak antolatzen du. Amaia Altube Elizondoko Suinki euskaltegiko (AEK) eta Baztango Korrika arduraduna da.
• Mezu bakarrarekin 10 egun eta 2.150 kilometro eginen dira. Karrantzan hasi eta igandean akituko da Iruñean. Bildutako dirua Nafarroako gau eskolentzako izanen da.
Heldu hitzari, lekukoari, elkarlanari, euskarari, herriari. Zergatik lelo hori?
Arrazoi desberdinengatik. Heldu hi-tzari, garaia delako urtetako menderakuntza, jazarpen eta zigorren ondorioz baztertua izan den euskarak esparrua berreskuratzeko. Eta Korrika 15ek euskararen herria garela aldarrikatu nahi du. Heldu euskarari, Euskal Herrian lanean ari diren eragile guztiei euskararen biziraupena mugatzera eta ukatzera datozen legeak eta jarduerak albo batera utzi eta euskara bizi ahal izateko bideak eraikitzeko. Heldu elkarlanari, belaunaldiz belaunaldi kontra izan diren legeei aurre eginez, euskararen aldeko konpromisoari heldu zioten euskaltzaileei esker dirauelako euskarak. Heldu lekukoari, oraindik asko daukagulako egiteko eta eskuz-esku jarraitu behar dugulako. Heldu herriari, mintzairak nortasunaren adierazgarri direlako eta guk, euskaldunok, euskaraz mintzatuz gure euskaldun izaera adierazten dugulako, eta Euskal Herria adierazten dugulako.
Aurten 27 urte, eta 15.Korrika. Hasieratik aunitz aldatuko zen, ez?
Irakasle zaharrenek kontatzen dutenez aunitz aldatu da. Azken urte hauetan Korrika heldu dela ikustean, segidan hurbiltzen da jendea, kilometroa erostera edo bertzelako lagun-tza ematera. Hasieran, berriz, jendearen gibeletik joan behar izaten omen zen. Jendeak orain badaki zer den Korrika.
Korrikak pertsona edo erakunde bat omentzen du beti. Korrika 15ek euskal emakumeak omendu ditu...
Lehenago pertsona ospetsuak omendu izan dira, eta beti gizonezkoak. Baina aspaldi emakumeren bat omen-tzeko beharra ikusten zen, eta orokorrean omentzea erabaki da. Emakumea ezinbertzekoa izan baita euskara gorde eta euskara belaunaldiz belaunaldi transmititzerakoan.
Karrantzan hasi eta Iruñean akautu. Korrika 13 ere han akitu zen. Orduan Nafarroako Gobernuaren «oztopoekin» egin zuen topo…
Istiluak egon ziren eta espero dugu aurten ez horrelakorik gertatzea. Kontua da baimena falta dela, eta gauza ez dagoela batere finkatua.
Eskualdera, martxoaren 30ean ailegatuko da. Arratsaldean du hitzordua Baztanen.
Baztanen kasuan Artesiaga aldetik hartuko dugu lekukoa, eta Izpegiraino eramanen dugu. Baztanen 32 kilometro saldu dira eta eguerdi aldera ailegatuko da honat. 13:15 aldera hartu eta 17:10ean utziko dugu. Hagitz ordutegi ona da.
Laguntza hagitz garrantzitsua da...
Bai, eta Korrika akitu arte eman ahal izanen da laguntza. Korrika Laguntzaile eginez… Aipatu, korrika prestatzen ere laguntza ematen ahal dela, edota azken egunean lan egiteko. Iruñean akitzen denez, Nafarroak azken eguna Nafarroako jendearekin prestatzeko ardura hartua du, eta bakarrik egiten saiatuko gara. Hartara, Baztandik eta ingurutik jendea behar da laguntzeko.