Ortzegun arratsaldeko 17:30ean hasiko da 15. korrika Bizkaiko Karrantza herrian. Euskal Herriko herrialde guziak zeharkatu eta gero, Iruñean bukatuko da 11 egun beranduago, apirilaren 1ean.
“Heldu elkarlanari, lekukoari, hitzari, euskarari eta herriari” lelopean eginen den 2007ko edizioan euskal emakumeen omentzea erabaki dute euskararen biziraupenean eta transmisioan rola garrantzitsua izan dutelako. Edurne Brouard, Korrika 15eko koordinatzailearen arabera “gerra garaian, baserrian, itsasaldeko herrietan gizonak kanpoan zeudela, euskal emakumea izan da euskararen gotorleku nagusia. Eurek bermatu dute gaur arteko transmisioa”.
Atximenduei dagokionez, azken aste hauetan Euskal Herriko hainbat eragile bildu dira AEKko antolatzaileekin haien babesa erakusteko, hala nola, LAB, ELA, CCOO, EHNE, STEE-EILAS, ESK eta Hiru sindikatuak, EAJ, Batasuna, EA, EB eta Aralar sindikatuak, Udalbiltza, Udalbide eta Eusko Jaularitza erakundeak eta tokian tokiko bertze eragile anitz, udalak tartean.
Gure eskualdean korrikan parte hartu ahal izateko, martxoaren 30a arte itxoin beharko da orduan Baztanen ibiliko baita. Eguerdi aldean Artesiagatik jautsita, Irurita Elizondo eta Erratzun pasatuko da Izpegitik Baigorri aldera jo baino lehen. Biharamunean, larunbat gauen, berriz ere gure herrietan barna ibiliko da Endarlatsako zubia zeharkatu ondotik 23:00ak aldera. Hortik aitzinera N-121-A errepidea segituko du Donezteberaino tartean diren herriak bisitatuz, hala nola, Bera, Lesaka, Etxalar, Igantzi eta Sunbilla. Azkenik Malerrekako herrietan barna Orokieta gainera igoko da eguerdiko ordu batean Iruñean izateko.
Azkeneko egunetan baizik ezpada gure eskualdean izanen, heldu diren egunetan giroa berotzen hasteko, eta Gau Eskolentzat diru biltzeko, han hemenka korrikari lotuak diren ekitaldi batzuk eskainiko dira. Heldu den larunbatean, Peio eta Pantxoa kantariek kontzertua eskainiko dute Lesakako pilota-lekuan arratseko 22:00etatik aitzinera. Gure eskualdera hurbiltzen joan ahala ekitaldi gehiago eginen diren. Martxoaren 30ean goizez, Baztango hainbat herrietan Korrika Txikiak eginen dira, eta arratserako berriz, Elizondoko gaztetxeak olerki eta bertso musikatuen emanaldia antolatu du. Gaua bukatzeko Kabul eta Kalapite taldeek kontzertua eskainiko dute gaztetxean bertan. Ortziralean beti ere, baina Arantzan, Ekaitza Elkarteak Mus Txapelketa antolatu du, eta biharamunean, larunbat arratsaldean hauek ere Korrika Txikia eginen dute 16:30ean plazatik abiatuta.