Iraunkortasuna laguntzeko 300.000 euro gastatuko ditu Nafarroako Gobernuak

ttipi-ttapa 2007ko martxoaren 21a

Aurtengoan, Malerreka eta Bertizaranako herriek laguntzak eskatzen ahalko dituzte

Nafarroako Gobernuak duela hiru urte onartutako hiri eta herrien iraunkortasunaren foru estrategia sustatzeko ekimena berretsi du. Iaz bezala, Ingurumen, Lurralde Antolaketa eta Etxebizitzaren sailaren bitartez 300.000 euroko dirulaguntza banatuko du iraunkortasuna helburu dituzten tokiko proiektuetan. Azken hauek, garapen ekonomikoa eta soziala ahalbideratu beharko dituzte ingurumena zainduz eta hobetuz.

Foru Gobernuak estrategia eramaten duen hirugarren urte huntan, Agenda 21a hasi duten heinean, Malerreka eta Bertizaranako herriek proiektuak aurkezten ahalko dituzte.

2006an, estrategiaren barne ziren herrialdeko herrietatik 47 proiektu jaso ziren, baina 12 baztertu ziren puntuazioa eskasarengatik, eta bertze 7 laguntza ez zuten eskuratu gauzatu ez zirelako. Onartu eta finantzatu ziren 28en artean, 10 mugikortasuna eta garraio publikoari buruzkoak ziren trafikoak eragiten dituen eragozpenak murrizteko eta ingurumen naturalak berreskuratzeko, 7 herritarren partehartzea sustatzeko, eta gainerakoak karrikako argiari, gune berdeei eta biodibertsitatearen kontserbazio eta berreskuratzeari buruzkoak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun