Baztan Bidasoa Futbito Txapelketa larunbatean hasiko da

ttipi-ttapa 2007ko martxoaren 21a

Finantzazio eta kiroldegi arazoengatik ohiko datak atzeratu behar izan dituzte antolatzaileek

Hainbat arazo konpondu behar izan ondotik, heldu den larunbatean hasiko da Baztan Bidasoako Futbito Txapelketa. Antolakuntzatik jakinarazi dutenez, aurtengo edizioa hain berandu hasiko da finantzazio arazoak konpondu behar izan dituztelako. Azken urteetan babesle nagusia izan den enpresak ez du konpromisoa berritu nahi izan urte anitz baitzeraman egitasmoa diruz laguntzen. Hortaz bertze babesle eta bide batzuk bilatu behar izan dituzte txapelketa aurrera eramateko. Horretaz gain, aitzineko edizioetan bezala, jardunaldi batzuk Doneztebeko kiroldegian jokatzeko baimena eskatu zuten baina erantzunik ez zitzaiela ailegatzen txapelketa osoa Sunbillan egitea erabaki dute.

Arazoak arazo, beranduago bada ere, txapelketa larunbatean hasiko da bi multzotan banatuak izanen diren 16 talderekin. A multzoan, Narbarte, Bar Titi, Sasoi Eskabazioak, Patxaran Ordoki, Zubieta, Goizalde Ostatua, Aise eta Elizondo Sansiñena taldeak neurtuko dira. B Multzoan berriz, Arraioz, Ekaitza Arantza, Ekaitza Ostatua, Bar saioa, Xampale, Lur Lan Eskabazioak Baietz, Zubi Punta eta Kortarixar Sagardotegia. Iaz bi mailatan jokatu bazen, aurten maila bakarra izanen da, eta hasierako liga bukatu eta, multzo bakoitzeko lehen lauak sailkatuko dira final laurdenetako. Dena ongi joanez gero finala maiatzaren 20an jokatuko da.

Iazko txapelduna, Lesakako Haizegoa Ostatua ez da aurkeztu aurtengoan, baina Iruritako txapeldun ordea, Bar Saioa izenean arituko da. Txapelketa, B multzoko taldeek estreinatuko dute larunbatean goiz eta arratsaldez arituz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun