Nafarroako bertsolaritzako aurtengo hitz ordu nagusia heldu den larunbatean izanen da Lur Dantzalekuan herrialdeko txapelketako finala jokatuko baita.
Xabier Silveirari txapela kendu nahian hauek dira aurtengo finalera sailkatu diren bertze 7 bertsolariak, Erika Lagoma, Etxabe, Jon Barberena, Julen Zelaieta, Iñigo Olaetxea, Migel Mari Elosegi eta Bittor Elizagoien. Larunbatean irabazi ahal izateko hauxe da egin beharko duten lana: Zortziko handian binaka gaia emanda hiruna bertso, zortziko txikian binaka ofizioka hiruna bertso, sei puntuko motzean binaka ofizioka hiruna bertso, eta bukatzeko kartzelan, puntua emanda bi bertso 8ko txikian eta gai bati bi bertso. Aurtengo finalean antolatzaileek berrikuntza bat gehitu dute, hau da desenpatea. Lehen bi bertsolarien artean 5 puntu edo guttiagoko aldea baldin badago 10eko txikian binaka ofizioka 3na bertso eta kartzelan gai bati 3 bertso bota beharko dituzte txapela zein eramaten duen erabakitzeko. Epaileak aitzineko saioetan bezala, Saioa Mitxelena, Jon Abril, Mikel Bujanda, Joxe Urroz eta Gaizka Sarasola izanen dira, aurkezle lanetan Alaitz Rekondo arituko delarik.
Lehen hiru saioetako puntuazioan iazko txapelduna erraz nagusitu da bigarrenari 20 puntu baino gehiago ateratuz. Ondoko 5ak aldiz bat bertzetik hagitz hurbil ibili dira 7 punturen barnean denak. Silveirak argi erakutsi badu aurtengo txapelerako berekin kontatu behar zela, Manolo Arozena Nafarroako Bertsozaleen elkarteko presidentearen ustez finala irekia izanen da eta bospasei lagunek irabaz dezakete.