Asteburuan Kultur Egunak ospatuko dituzte Sunbillan

ttipi-ttapa 2007ko martxoaren 21a

Larunbatean, haurrentzako herri kirol saioa, puzgarriak eta txokolatada antolatu dituzte

Asteburuan Antzakaitz kultur elkarteak eta herriko gazteak antolatutako Kultur Egunak ospatuko dituzte Sunbillan. Urtero bezala haur eta gazteentzat ez da ekitaldirik faltako.

Larunbatean, goizeko 10:30ean hasiko dira haurrentzako herri kirol saioarekin herriko frontoian. Ordu erdi bat beranduago tortilla patata txapelketari hasiera emanen zaio. Antolatzaileek dozena bat arrautza emanen dizkie parte hartuko duten taldeei, eta gainerako osagaiak norberak eraman beharko ditu, tipula, patata, gatza eta olioa bertzeak bertze. Eguerdiko 12:00etan, epaileek erabakitzen duten bitartean, herriko gazteek antolatutako ginkana eginen da. Ondotik, ohi bezala bazkalduko dute Ulibeltza elkartean. Gazteek indarrak berreskuratzen dituzten bitartean, 15:30etik aitzinera, herriko haurrentzako gaztelu puzgarriak eta jokoak paratuko dituzte pilota-lekuan, eta arratsaldeko 17:00etan txolatada eskainiko zaie. Bestalde mahaitik altxatzean gazteek ez dute aspertzeko astirik izanen triki-poteo eta karaokea eginen baitute ostatuz ostatu. Afal orduan, Ulibeltza elkarteko egoitza sagardotegiz jantziko dute, eta kupela bat ekarriko. Sagardoa dastatzean, goizean egindako tortillak ere janen dituzte. Horretaz gain, bertze pintxo batzuk prestatuko dituzte, txistor, solomo eta gaztarenak bertzeak bertze. Giroa alaitzeko Aurtizko trikitilariak Arkaitz Mindegia eta Mirian Altzuri arituko dira baita herriko bertsolari gazteak ere.

Kultur egunen bigarren egunerako egitarau arinagoa prestatu dute. Goiz iratzartzen direnentzat, 11:00etatik 19:00etara, Sunbillako emakumeek egindako eskulanen erakusketa zabalduko dute Ulibeltzak elkartean. Arratsaldean, igandeko ekitaldi nagusia Itturburu ostatuan eginen da, hau da Mus Txapelketa. Azkenik Udaberriko kultur egunak agurtzeko, zari baten zozketa eginen da 19:00etan, elkartean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun