Jantokietan bazkaltzen duten hirugarren adinekoei laguntzeko, dirulaguntzen deialdia zabaltzeko tramiteak aitzinera eramatea onartu du Nafarroako Gobernuak asteleheneko batzarrean. Jakinarazi dutenez kasu guziak banan bana aztertuko dituzte. Osasun edo diru arazoengatik etxean behar den bezalako otordu bat egin ezin duten hirugarren adinekoei zuzendua da. Kanpaina honekin, kasu horretan diren pertsonen bizi kalitatea hobetu nahi dute haien ingurumen familiarrean egoteko aukera emanez.
Horretarako 2007. urtean 65.000 euro gastatuko dituzte. Laguntza hau eguneko otordu nagusirako emanen dira aste tarteko egunetan baita asteburu eta besta egunetan ere. Norberaren laguntza onartzerakoan pentsioen diru sarrera hartuko dira kontuan. Hortaz, hilabetean 0 eta 500 euro artean hunkitzen dutenek 2 euro eta 10 zentimoko laguntza izanen dute otordu bakoitzeko, 500 eta 665 euro arteko pentsioak dituztenek berriz 60 zentimokoa, eta 665 euro baino gehiago irabazten dutenek diru laguntza ez dute izanen.
Diru sarrerak kontuan hartzeaz gain, laguntza eskuratu ahal izateko 65 urte baino zaharragoa izan beharko da, 55 urte baino gehiagoko alargun-sariduna, erretiro pentsioduna, elbarritasun pentsioduna edo edozein pentsio 60 urtetik aitzinera. Diru laguntza hauen lortzeko deialdia Ongizate, Kirol eta Gazteriaren kontseilariak hemendik guttira onartuko duen foru ordenan finkatuko da.
Mendekotasunaren legea
Bestalde, duela gutti onartua izan den mendekotasunaren legeari buruz zehaztasunak emateko Baztango Gizarte Langileak, Mirentxu Goienetxek, hitzaldiak eskainiko ditu, martxoaren 29an Elizondon, 30ean Arizkunen. eta apirilaren 2an Urdazubin arratsaldeko 18:00etan. Lege berriari esker eskuratu daitezken dirulaguntzak aipatuko ditu baita non eta nola eskatu ere.