Uraren egoera aztertzeko bilera Bertizen

ttipi-ttapa 2007ko martxoaren 19a

Ura ahal bezain gutti gastatzeko neurriak aipatuko dira

Nafarroako Gobernuko Ingurumen, Lurralde Antolaketa eta Etxebizitza sailaren parte den Ingurumen-baliabideen Zentroak Uraren Foroa antolatu du heldu den asterako. Horren kari publiko zabalari irekiak egonen diren hainbat bilera burutuko dira. Gure eskualdeari dagokiona heldu den asteazkenean 8, martxoaren 28an eginen da Bertizko Jauregian arratsaldeko 17:30ean. Uraren foroa 2006an sortu zen Nafarroako uraren kudeaketa eta erabilpen iraunkorrari buruzko estrategia betetzeko helburuarekin. Horrekin, uraren egoera ona segurtatu nahiko lukete heldu diren belaunaldietarako. Hortaz duen garrantzia azpimarratzeko informazioa zabaldu nahi dute baita lan horretan nafarren parte hartzea segurtatu ere. Denbora berean uraren eskaeraren kudeaketan oinarritua den politika sustatu nahi dute baliabide naturalak ahal bezainbat zainduz eta aurreztuz.

Bilera hauetan, eskualde bakoitzeko egoerak aztertuko dira, baita hausnartuko ere. Herritarren iritziak bilduz, egoera hobetzeko hartu beharko liratekeen neurriak ere aipatuko dira. Hitz ordu hauek publiko zabalari irekia badira ere, eskualdeko eragileei zuzendua dira batez ere, udaletako ordezkariak, garapenerako agentziak, mankomunitateak eta urarekin harremana duten erakunde guziak. Parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute 948 140 818 telefonora deituz edo inscripciones@crana.org helbide elektronikora idatziz.

Gai horri buruzko informazioa zabaltzeko Ingurumen-baliabideen Zentroak eskualdeetan banatuko diren 18.000 esku-paper argitaratu ditu 15.000 erdaraz eta 3.000 euskaraz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun