Igande goizean Nafarroako Herri Kirol Jolasen 4. jardunaldia jokatu zen Igantziko pilota-lekuan. 11:00k zirela ehunka lagun hurbildu ziren parte hartzeko, edo gaztetxoen animatzeko. Azken jardunaldia erabakigarria zen txapelketa gehienetan lehen lauek baizik ez baitzuten finalean aritzeko txartela lortuko.
Proba konbinatua, kimuen mailakoekin hasi zuten, 11 eta 12 urteko haurrekin. Koxkor biltzea, txingak, zaku lasterketa eta lasterketa arrunta biltzen zituen ariketa ahal bezain azkar egin behar zuten. Talde aunitz izanik 3 saio egin ziren. Lehenean, Igantzi, Ultzama eta Iñigo Aritzako taldeak lehiatu ziren. Garaipena etxekoentzat izan zen 6 minutu eta 51 segundoko denborarekin. Bigarrenak Ultzamakoak gelditu ziren 6 minutu eta 58 segundoko denborarekin, eta hirugarrenak Iñigo Aritzakoak 7 minutu eta 19 segundoko denborarekin. Bigarren saioan ere izan genuen gure eskualdeko ordezkaririk, Basaburuko taldea hain zuzen. Hauek Berriozar 2 eta Andra Mari taldearen aurka aritu ziren. Huntan ere gure eskualdekoak izan ziren nagusi. 6 minutu eta 51 segundoko denborarekin saioa irabazi zuten. Berriozarkoak bigarren gelditu ziren, eta Andra Marikoak hirugarren, 6 minutu eta 58 segundoko eta 7 minutu eta 50 segundoko denborarekin hurrenez hurren. Kimuen hirugarren saioan, San Jorgeko lehen eta bigarren taldea eta Berriozar 1 aritu ziren. San Jorgeko lehen taldea nagusitu zen 6 minutu eta 57 segundoko denborarekin. Bigarrena Berriozar 1 izan zen 7 minutu eta 9 segundorekin, eta hirugarren San Jorge 2 minutu eta 27 segundorekin. Kontuak egiterakoan, guttigatik bada ere, igantziarrak nagusitu ziren. Basaburukoak bigarren gelditu ziren lanen betetzeko bertze 4 ehuneko behar izan baitzituzten. Aitzineko hiru jardunaldiak kontuan hartuz, hauexek izan ziren finalerako txartela lortu zuten lau taldeak: Berriozar 1 eta 2, Basaburua eta Igantzi.
Haurren mailan ere 9 talde aritu ziren proba konbinatuan. Proba konbinatua kimuen mailakoa bezalakoa izaten zen baina arpana gehituz. Lehen saioan Txantrea B, Iñigo Aritza eta Puterri aritu ziren. Saio horren garaipena, Txantreakoentzat izan zen. Lan guziak 9 minutu eta 4 segundoz bukatu zituzten. Bigarrenek Iñigo Aritzakoek bertze 19 segundo behar izan zituzten, eta hirugarrenek, Puterrikoek bertze 37 segundo. Maila bereko bigarren saioan, Txantrea A, Igantzi eta Basaburukoak neurtu ziren. Lehenekoan baino anitzez azkarrago joan ziren hiru talde hauek. Garaipena berriz ere Txantreakoentzat izan zen 8 minutu eta 25 segundoko denborarekin. Igantziarrek bigarren postu lortu zuten 8 minutu eta 43 segundoko denborarekin, eta Baztandarrek hirugarren gelditu ziren 8 minutu eta 48 segundoko denborarekin. Hirugarren saioan, aranztarrak, Sakana eta Andra Mariko taldeen aurka aritu ziren, baina gauzak ez zitzaizkien nahi bezala atera, eta hirugarren gelditu ziren 10 minutu eta 19 segundoko denborarekin. Sakanakoak gailendu ziren 8 minutu eta 36 segundoko denborarekin, eta bigarrenak Andra Marikoak izan ziren 9 minutu eta 34 segundoko denborarekin. Denbora guziak konparatzerakoan 4. jardunaldiko garaipena Txantrea A taldearentzat izan zen, bigarrena gelditu zen Sakanako taldea eta 3. eta 4. postuak Igantzi eta Basaburuko taldearentzat izan ziren hurrenez hurren. Sailkapen orokorrean lehen lauak, Txantrea A, Igantzi, Basaburua eta Sakana izan ziren, beraz hauek dira txapelerako lehiatuko diren taldeak. Haien publikoaren aitzinean igantziarrek jardunaldia irabaztea ez zuten lortu, baina finalerako txartela lortu zuten.
15 eta 16 urteko proba konbinatuan 5 talde aritu ziren, eta horietariko 2 gure eskualdekoak ziren Basaburua eta Arantza. Huntan ere proba bi saiotan banatu zuten. Lehenean Basaburukoak eta Andra Marikoak aritu ziren. Bi taldeek lehia aparta erakutsi zuten. Andra Marikoak aitzindu baziren, proba aitzinera joan ahala, Baztandarrak hurbildu ziren baita aitzinean pasatu ere. Zoritxarrez Baztandarrentzat arpanean Andra Marikoak hobeki aritu ziren, eta azken kortean berriz ere lehen postuan jarri ziren. Proba bukatzeko 10 minutu eta 9 segundo behar izan zituzten, eta Basaburukoek 2 ehuneko gehiago. Bigarren saioan, Aranztarrak, Txantrea eta Ultzamaren aurka aritu ziren, eta finalera pasatu nahi bazuten azken hauei 31 segundoko aldea kendu behar zieten. Zaila bazen ere posible zen. Zoritxarrez, Aranztarrei gauzak ez zitzaizkien ongi atera, eta denbora irabazi ordez berriz ere segundo batzuk galdu zituzten. Saioko garaipena Ultzamarentzat izan zen 10 minutu eta 8 segundoko denborarekin. Bigarrenak, Txantrea taldekoak, hortxe-hortxe ibili ziren, baina segundo erdi batengatik bigarren postuan gelditu ziren. Emaitza horrekin Aranztarrak finaletik at gelditu dira, eta bertze lau taldeak aldiz, hagitz irekia izanen den finalean, arituko dira. 4. jardunaldi huntan finalerako sailkatu diren taldeak, Ultzama, Txantrea, Andra Mari eta Basaburua segundo berean bukatu dituzte lan guziak.
Soka tira txapelketan, haurren mailan lehen lau jardunaldiek balio bazuten finala jokatuko zuten lau taldeak erabakitzeko, kadete mailan ligako bertze jardunaldi bat besterik ez zen. Haur mailan, A multzoan, Basaburukoek ordu arte jardunaldi guziak irabazi bazituzten, Igantzikoan, Sakanako taldearekin berdindu zuten. Hala ere, ez zuten arazorik izan multzoko lehen postuan bukatzeko, eta finalerako txartela lortzeko. Igantziarrak B multzoan aritu ziren. Huntan ez zen ezustekorik izan, eta aitzineko 3 jardunaldietan bezala, Txantreakoak gailendu baziren era Igantziarrek sailkapen orokorreko 4. postua segurtatu zuten multzoko bigarren postuan bukatuz. Hortaz haurren mailako finala jokatuko dutenak hauexek izanen dira, Basaburua, Igantzi, Sakana eta Txantrea. Erran bezala, kadete mailako soka tira txapelketa liga moduan jokatzen da, eta beraz, finalerako txartelik ez zegoen jokoan baizik eta sailkapen orokorreko puntuak. 3. jardunaldian bezala, igandean, Txantreakoak nagusitu ziren. Basaburukoak bigarren gelditu ziren, Andra Marikoak hirugarren, eta Iñigo Aritza eta Ultzamakoak laugarren eta bosgarren. Ordu-arte, Basaburukoak lehenak baziren sailkapen orokorrean, garaipen honekin Txantreako taldeak zuen atzerapena berreskuratu zuen, eta jardunaldi bat falta denean bi taldeak lehen postuan daude 17 punturekin. Txapelketa irabazi nahi badute Baztandarrek azkeneko bi jardunaldietan erakutsitako maila hobetu beharko dute.