Ortzegunean suak 7 hektarea erre zituen Leitza eta bertze 5 Etxalarren

ttipi-ttapa 2007ko mar. 16a, 18:00

Bietan kalte handirik ez zen izan sasia baizik ez baitzen erre

Ortzegunean su-hiltzaileek ateraldi bat baino gehiago egin behar izan zuten mendian larreen erretzeko piztuak izan ziren suteen itzaltzeko. Goizeko 10:00ak aldean, bi sute piztu ziren Leitzan, bata Albiño mendian, Goizueta eta Doneztebeko errepide bazterrean, eta bertzea Erasote auzoan. Lehenean 7 hektarea sasi erre ziren, eta bigarrenean gauza anitzik ez, baina zailtasun handiak izan zituzten hunen itzaltzeko foku anitz zituelako. Hala ere, suhiltzaileek, Leitzakoak, eta Iruñekoak nagusiki, garra guziak itzali zituzten eguerdirako.

Etxalarren izandako sutea berriz arratsaldean gertatu zen. 8:00ak zirela lagun batzuk Azkuan sua piztu zela ohartu ziren, eta abisua eman ondotik su-hiltzaileak eta herritar batzuk bertaratu ziren ahalegin guzien egiteko sua gelditzeko. Baimendu gabeko sua bazen ere kalte gutti egin zituen eta 5 bat hektarea larre garbitu zituen.

Ortziralean ere su bat baino gehiago piztu zuten Etxalarko Sentinela mendian, baina hauek baimenduak ziren. Goizean, Oronozko parkeko talde bat, Bortzirietako mendi zainak eta 10 bat herritar bildu ziren herriko lurretan dauden hektarea batzuk erretzeko. 20 bat lagunez osatutako taldea ederki aritu zen, batzuk sua ematen zituztela, bertzeek pinodei bazterrak zaintzen zituzten, eta beharra zegoenean sua itzaltzen zuten. Eguraldi polita tokatu zitzaien baina haize pixka bat izanik kasu batzuetan kontu handiz ibili behar izan zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun