Nafarroako Herri Kirol Jolasen 4. jardunaldia Igantzin jokatu da igandean

ttipi-ttapa 2007ko martxoaren 16a

Basaburu eta Igantziko taldeek finalera pasatu beharko lirateke aurkeztu diren txapelketa guzietan

Nafarroako Herri Kirol Jolasen laugarren eta azken jardunaldia igande goizean jokatuko da Igantzin. Bertan finala jokatzeko lau txartelak banatuko dira proba konbinatuetan eta haur mailako Soka tiran. Kadete mailako soka tira txapelketa liga moduan jokatuko dira, eta txapela puntuazioaren arabera erabakiko da azken jardunaldiaren ostean.

Kimuen proba konbinatuan, gure eskualdeko bi talde aritu dira, Basaburua eta Igantzi, eta azken jardunaldian ongi ibiltzen badira ez lukete arazorik izan behar finalera pasatzeko sailkapen orokorrean 3. eta 4. baitira Berriozarko bi taldeen ondotik. Haurren mailan ere, igantziarrak eta baztandarrak ederki daude jardunaldi baten faltan. Txantrea A taldea lehen postuan da, eta ondotik heldu dira hurrenez hurren Igantzi eta Basaburua. Aranztarrek aldiz ez dute ezta sailkatzeko aukerarik ere. Kadeteen proba konbinatuan, lehen postuan izanik, Basaburuko taldea finalera pasatu beharko luke. Aranztarrentzat gauzak zailago izanen dira momentuz 5. baitira, 4.etik 31 segundora, baina azken jardunaldian erakutsitako maila kontua hartuta, pentsatzen ahal da finaleko txartela lortzen ahal dutela.

Soka Tira txapelketan, kadeteen maila liga modua jokatu da, eta haurren mailan berriz aurkeztu diren 7 taldeetatik lehen lau jardunaldietan puntu gehien eskuratzen dituzten lau taldeak pasatuko dira finalera. Ligan, taldeak bi multzotan banatu zituzten eta momentuz, A multzoan Basaburua lehena da jardunaldi guziak irabazita 12 punturekin. Igantziko taldea ere ez dago batere gaizki B multzoko bigarren postuan 6 punturekin, baina finala jokatu ahal izateko ez du hutsik egin beharko igandean. Kadeteen maila, Basaburua da eskualdeko talde bakarra eta momentuz lehen postuan dago 13 punturekin baina 2. eta 3. hurbil dituzte, Txantrea 12 punturekin eta Andra Mari 10.5 punturekin.

Eguraldi txarra eginez gero jardunaldia bera jokatuko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun