Baines patxarana erremonte txapelketan parte hartuko duten 8 bikoteak aurkeztu ditu Euskal Jai Enpresak. Hauen artean 5 erremontelari gure eskualdekoak izanen dira, San Miguel, Lizaso, Ezkurra, Urrutia eta Etxeberria III.a. San Miguel Altuna II.arekin arituko da, Lizaso Matxin III.arekin, Ezkurra Martinez I.arekin, Urrutia Utergarekin eta Etxeberria III.a Juaristirekin. Bertze hiru bikoteak hauexek izanen dira Zeberio II.a eta Agirrezabal, Bitoria eta Eizagirre, eta, Altuna I.a eta Etxabe.
Txapelketa era berritzailean jokatuko da. Kanporaketa guziak zuzenak izanen dira, eta joan etorriko partidatan erabakiko dira, bata frontoi luzean, eta bertzea motzean. Formula horrekin, antolatzaileek, Euskal Jai enpresa eta Euskal Jai Berri Erremonte fundazioak, diziplina hau guttitan ikusten den pilota-lekuetara eraman nahi dute. Hortaz, Nafarroako eta Gipuzkoako 9 pilota-leku desberdinetan jokatuko da, horietariko 3 gure eskualdekoak izanen direlarik. Donezteben, Uterga Urrutia eta Juaristi Etxeberria III.aren arteko joaneko partida jokatuko da heldu den igandean, Elizondoko frontoian, Matxin III.a Lizaso eta Bitoria Eizagirreren arteko itzulerako partida martxoaren 23an, eta azkenik , apirilaren 1ean, txapelketako joaneko bigarren final erdia Beran. Partida guziak 40 tantora izanen dira eta berdinketa izanez gero hirugarren bat jokatuko lukete. Finala ere bi partidatan jokatuko da, joanekoa Labriten apirilaren 15ean, eta itzulerakoa apirilaren 21ean Galarretan.
Aukeratutako pilota lekuak ez dituzte nola nahika aukeratu gehienetan bertan erremonte eskola sortu berri dutelako edo sortu nahi dutelako. Partidak hainbat herrietara hurbiltzeaz gain, sarreren prezioetan ere indar bat egin nahi izan dute. Hortaz, 25 urte baino gazteagokoentzat dohainik izanen dira eta bertzeentzat berriz 8 eurokoak.