Malerrekan eta Bortzirietan lur industrialak sortzeko EAk aurkeztutako bi mozio aho batez onartu ditu Nafarroako Parlamentuak. Helena Santesteban, Nafarroako parlamentuko industria batzordeko EAko ordezkariak adierazi duenez, eskualdeko garapen ekonomiko eta sozialarentzat beharrezkoa da lur industriala edukitzea, eta bi mozio hauekin irtenbideak zeintzuk diren erakutsi nahi izan dute.
Lehena, Lesakako Luberrondo mazelari dagokio. Gaur egun Arceloren jabetza da, baina ez du deusetarako baliatzen, eta EAren ustez oso egokia litzateke industri gunea garatzeko. Hala ere, hunen ahalbideratzeko Lesakako saihesbidearen 2. fasea bukatu beharko litzateke, komentutik Oiartzungo bidera. Hortaz mozioak bi eskaera egiten dizkio Nafarroako Gobernuari. Batetik Luberrondoko lurrak jabetza publikora pasatzeko tramite guziak bideratzea, eta bertzetik, saihesbideko bigarren fasea bukatzea eta lehentasuneko proiektuen programan sartzea.
Bigarren mozioa ere gisa berekoa da, baina hau Legasan. Aceraliak 200.000m koadratuko lur industriala dauka, baina huntan ere ez da inongo jardunik egiten. Hortaz, Malerrekan industria garatu ahal izateko, Aceraliako lurrak jabetza publikora pasa daitezen egin beharreko tramite guziak bete ditzan eskatzen diote Nafarroako Gobernuari.
Berako alkateak aurkeztutako mozioak inongo arazorik gabe onartuak izan dira.