Altxata kultur elkarteak Batzar Orokorra eginen du igandean

ttipi-ttapa 2007ko martxoaren 13a

Kontuak eta egitasmoak aipatzeaz gain zuzendaritza batzordea berritzea aipatuko dute.

Altxata Etxalarko kultur elkarteak urteko batzar orokorra eginen du heldu den igandean. Eguerdiko 12:00etan bilduko dira Kultur Etxean, eta landuko dituzten gaien artean joan den urteko kontuak, aurtengo aurrekontua, eta zuzendaritza batzordea berritzea egonen dira urtero bezala. Egitasmo eta ideia berriez ere solastatuko dira. Batzarra elkarteko kide guztiei irekia da.

Anitz dira urtean zehar Etxalarko kultur elkarteak antolatzen dituen ekitaldiak, eta egun hauetan ere halaxe da. Martxoko igande guziz “Etxalar mugaz muga” deitu duten ibilaldia egiten ari dira. Lau ateralditan banatuta, herria inguratzen duten muga guzietan barna ibiltzea du helburu. Lehenbiziko eta bigarren etapak egin ondotik, igande honetan eta ondokoan eginen dituzte azkeneko biak. Igande goizeko zortzietan biltzen dira plazan eta nahi duten guziek parte har dezakete. Lau etapak akabatutakoan, martxoaren 25ean, bazkaria eginen da mendi ateraldietan parte hartu duten guztien artean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun