Ikaragarri kezkatzen nau otsailaren 23an, Industria Batzordearen ai-tzinean, Jose Javier Armendariz Sailburua «batere pesimista» agertu izana Nafarroako sektorearen garapena dela-eta. Itxierekin edo langilegoa murriztuz konpainiak kaltetuak atera daitezkeen aurreikustea konplikatua zela erran zuen, eta lau enpresa aipatu zituen «kasu jakin» bezala..
Oroitaraziko diot, Baztan, Malerreka eta Bortziriak inguruan, Lesakako antzinako Laminacionesetik hasi eta gaur egungo Arcelor Mi-ttal SCC Españara, zuzeneko 1.500 lanpostu galdu direla. 2005eko otsailean, Bortzirietako alkateen batzordearen izenean, Condesa enpresari erreklamazio bat egin nion bortz urtetan langilegoa eta produkzioa ez murrizteko bere promesa bete zezan; bete ez den promesa.
Lerro hauen bidez erran nahi diot, zonaldeko kargu publiko guztiak hagitz ezkor gaudela Nafarroako industriaren garapena zein den ikusita.
Lanpostu gehiegi galdu dira zonaldean, eta aipatu enpresetan aldi bateko kontratuak ere gehiegi dira, eurek nahi bezala desegiten dituztenak gainera, inongo gasturik eduki gabe, inguruko langile guztien artean ziurgabetasuna sortuz.
Prentsako artikulu batzuetan kritikak egin dizkizute, sailburu jauna, automobilgintzaren sektorearen menpeko gaudela, eta egia da. Gaur-gaurkoz, Zalain Transformadosen (lehengo Condesa) plan estrategikoaren arabera, automozioaren sektorerako tubo kalibratua bakarrik egitera pasa-tzen dira, produktu bakarrarekin gelditzeak suposatzen duen arriskuarekin, eta nola ez, ehunka lanposturen galerarekin.
Zer erranen dizut Lesakako Arratzubi auzoko lantegiari buruz! Otsailaren 22an prentsaurreko batean, Arcelor Españako arduraduna den Gonzalo Urquijo jaunak, Estatuko lantegietan 1.100 langileen murrizketa eginen dela aurreratu zigun; gauzak berdin!, beno, izendapen berri batekin: orain produkzioa optimizatzeko da.
Sailburu jauna, zer gelditzen da honetatik guztitik? Sarbiderik gabeko lur-eremu industrialen okupazioa –Lesakako saihesbidea enpresa pribatu batean bukatzeaz arduratu zen norbait bere egunean–, txatarra diren nabeak kontaminatutako lur batekin, eta abar.
Sailburu jauna: ikusten denez, baditut ezkorra izateko arrazoiak. Guztion artean egoera honi irtenbide duin bat bilatzea eskatzen dut, Nafarroako industiaren etorkizunari planteamendu berri batekin ekin behar zaio, jarduera eta enpresaburu endogeno batekin, automozioaren eta multinazionalen menpeko sektore arriskutsu hori alde batera utziz.
Enpresaburu hauek, maiz Administrazioaren laguntza jaso dutenak, zigorrik gabe hemendik ez joateko zerbait egin behar da, deslokalizaziorena bi aldiz pentsa dezaten.
Juan Fermin Mitxelena - Lesakako alkatea