Iosu Almandoz eta Iñigo Rodriguez lesakarrak II.mailako Nafarroako Paleta Gomako txapeldun

ttipi-ttapa 2007ko martxoaren 13a

30-18 irabazi zieten Etxarte eta Ofizialdegi bikoteari

Nafarroako II. mailako Paleta Gomako aurtengo txapela Lesakara joan da. Otsailaren 25ean Iruñeko Lopez pilotalekuan jokatutako finalean Iosu Almandoz eta Iñigo Rodriguez lesakarrak erraz gailendu zitzaizkien Etxarte eta Ofizialdegi Iruñeko bikoteari. Lesakarrek partidu hasieran huts ba-tzuk egin bazituzten ere, ez zuten arazorik izan irabazteko eta 18 tantorekin utzi zituzten aurkariak.

Txapelketa hau kluben artekoa da. Bakoitzak bere zonaldean egiten duen txapelketatik bikote onena aukera-tzen da eta hura izaten dira Nafarroa mailan herriaren edo klubaren ordezkari. Lesakako Arkupe pilotazale elkarteak antolatutako txapelketan Almandoz eta Rodriguezek ez zuten txapelik lortu, baina bertze batzuen ordez joan ziren.

Lesakako kirolariek bertako eta Nafarroako txapelketaren aldea nabarmendu zuten. Izan ere, hemengo frontoiak berdeak izanik pilota zuriekin aritzen dira. Nafarroako txapelketan, ordez, pilota beltzekin jokatu dute, frontoiak zuriak direlako. «Horrek jokoa dezente aldatzen du», Rodriguezen hitzetan. Maila aldetik ere, «Lesakan Nafarroako txapelketan baino maila hobea» zegoela iruditu izana ere nabarmendu zuen Rodriguezek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun