Giro onean joan dira aurtengo inauteriak

Markel LIZASOAIN 2007ko martxoaren 13a

Urteroko gisa umorea hedatu zuten herriko gazteek baserrietan. TTIPI TTAPA

Gazteak eta ez hain gazteak ibili dira festan

Beste behin ere, Saldisko herria onik atera da inoteetako urteroko lurrikaratik. Fede txarrik gabe, otsailaren 23ko arratsean hasi ziren herriko Tabernea ostatuan, afari eder batekin eta herriko Matteo akordeolari gaztearekin. Han bildu zirenen artean bazen jende ezagunik. Besteak beste Tina Turner, Aita Santua, Sor Presa, Basajaun, Yogi hartza eta Pottokiak.

Biharamunean, gazteria baserriz baserri ibili zen puskak biltzen, Urrutiñako baserrietan hasi eta Loprengo bordatik pasatu ondoan Azkarateko bordan akitu zuten, herrira buelta egin aurretik. Herrian gazteenekin eta haurrekin bat egin, eta etxez etxe segitu zuten, dantzan eta kantuan Iruritako Fran-txixko akordeoilaria lagun. Beste afari eder batekin eman zioten inauteriei akabila. Gazteak eta ez hain gazteak bildu ziren han. Hondarrerako, gazteak ondu, eta erretiratuz joan ziren eta gainerakoak gaztetu egin ziren gaua aurrera joan ahala.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun