Arrakasta haundia izan du stock feriaren lehenbiziko edizioak

ttipi-ttapa 2007ko martxoaren 13a

Era guztietako produktuak atera zituzten saltzaileek, eta jendeak erantzun ona eman zuen. TTIPI TTAPA

Dendetako izakinak prezio merkeagoetan saltzeko baliatu dute feria hau merkatariek

Doneztebarrak Merkatari Elkarteak lehenbizikoz antolatutako stock feriak lagun andana bildu zuen mar-txoaren 3an eta 4an San Miguel eskolako pilotalekura. Herriko 23 merkatarik euren produktuak salgai jarri zituzten, hagitz prezio onean: arropa eta oinetakoetan aukera zabala, janariak, argazkidendako eta inmobiliariako produktuak... Herriko eta inguruko jendea ez ezik, urrutiagotik ere etorri zen jendea. Doneztebarrak Merkatari Elkartetik errandakoaren arabera, erdia baino gehiago kanpotik etorri zen: Gipuzkoatik eta Iruña aldetik.

Antolatzaileak hagitz kontent ageri ziren lortutako emaitzarekin, lehenbiziko aldia izan arren pilotalekua bete egin baitzen. Larunbata izan omen zen egunik gogorrena. 17:00etan inauguratzekoa zen azoka, baina aitzinetik, jendea ateak noiz zabaldu zain zegoen kanpoaldean. Ordutegiak ere aurreikusitakoa gainditu zuen. Izan ere, larunbatean 19:30ean itxitzekoa zena, azkenean 21:00ak arte luzatu behar izan zuten. Produktuen salmenta ez ezik, musika eta bertzelako ikuskizunak ere egon ziren eta giro ona sortu zen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun