Ezkontza judutarra besteetatik bereizten duen gauzetako bat jupá izeneko estalpe baten azpian egiten dela da. Kanpoan edota sinagoga bezalako leku baten barnean egin daiteke. Jupá hitzak hebreeraz estali, bildu edo babestu esan nahi du, beraz, bikotearen loturaren ezaugarri ezberdinak adierazten du. Maitasuna, laguntasuna, lagunartekotasuna eta ulerkortasuna bezalako sentimenduei erreferentzia egiten die.
Ezkontza eguna jartzea
Antzinako ohitura baten arabera, ilargia handitzen hasten denean egitea komeni da, honek bikotearen zoriontasuna eta oparotasuna handituko dela irudikatzen bait du.
Ezkontza egin behar deneko tokia erabakitzeko orduan kashrutarekin lotutako arauak kontutan izatea komeni da. Ezkontza etorkizuneko elkarbizitzaren oinarria da eta honek santutasun aura eta bikoteak desiratzen duen esanahia izateko, janaria casher zerbitzatu behar da.
Andregaia, ezkongaiaren ama eta laguntzaileen soinekoa aukeratzeko orduan Lege Judutarrak ezarritako gutxieneko arau batzuk segitu behar dira. Maukak gutxienez okondoetaraino ailegatu behar dira , ehuna ez da gardena izan behar, ez dira eskoteak eramanen eta gonek belaunak ezkutatu behar dituzte.
Ezkontz kontratua
Ketubá ezkontza kontratua da eta bertan ezkontzak suposatzen dituen eskubideak eta senargaiak andregaiarekiko dituen betebeharrak azaltzen dira: janaria eta arropa eman, zaindu, maitatu eta babestu. Kontratu hori sinagogan eskuratzen da. Gizongaiaren harreraren momenturik garrantzitsuena Ketubá osotu eta sinatzen denekoa da. Ketubá hitzak “idatzita dagoena” adierazten du. Kontratu honetan gizonak senar bezala dituen betebeharrak konplituko dituela adierazten du. Bikotea bereiztekotan senarrak emazteari eman beharko dion diru kopurua ere agertzen du. Ketubá emaztearen edo bere ordezkariaren esku egon behar du. Galtzen bada berria idatzi behar da; Ketubárik gabe bikotea ezin da elkarrekin bizi.