Japonian ezkontza tradizionalak hiru fase dituela esan daiteke: Yuino no Gui, Kekkon no Gui eta Hirou no Gui. Adibidez, Yuino no Gui gurasoen artean egiten duten konpromezuaren adierazpena da. Gizongaiaren gurasoek andregaiaren familiari errespetua adierazten diote eta beraien semearen andregaia izateko baimena ematea eskertzeko, hemen ezkonsaria bezala ezagutzen duguna eskaintzen diete. Japonian ezkonsariari Yuino hin deitzen zaio. Yuino hin andregaia hartzeagatik esker ona adierazteko zazpi elementu berezi dira.
Kekkon-Shiki
Konpromezua iragarri ondotik, bigarren pausua Kekkon shiki da. Bikoteak elkarrenganako konpromisoa hartzen duen zeremonia erlijiosoa da. Bikotearen fedearen arabera, zeremonia hori shintoista edo budista izan daiteke. Ezkontza tenplu shintoista edo budista batean nahiz hotel batean egin daiteke. Garai batean ezkontza etxean egiten zuten. Japoniako etxeetan tokono ma izeneko egongela bat dago eta bertan familiaren espiritua kaligrafia, lore edo apaingarri baten bidez agertzen da. Leku hori aldare bezala erabiltzen zen eta bertan egiten zen zeremonia erlijiosoa.