Ezkontzak Marokon

ttipi-ttapa 2007ko martxoaren 13a

andregaiaren eskuak eta oinak margotzen dira TTIPI TTAPA

Alegoria eta erritualez beteta, ezkontza marokoar tradizioanalaren zeremonia konplexua, andregaiarentzako hastapen bide bezala ulertu daiteke. Bide horretan barrena, agindu bakoitzak, emakume heldua izatera iritsi arte, bere aurreko bizitzaren heriotza sinbolikoa adierazten du. Zeremoniako ekitaldiek emakume marokoarra gizaki goitiarra izateraino handiesten dute.

Andregaiarekin batera, gainerako emakumeak dira beste protagonista handiak: makillatzaile, ile apaintzaile, dekoratzaile, jostun, sukaldari eta zeremonilariek eszenaratzean parte hartzen dute eta behingoz gizonak, senargaia barne, bigarren plano batean gelditzen dira.

Hammam

Ohiturari jarraitzeko, garbitasun fisikoa eta espirituala lortzeko, andregaia alokatutako hammam batera zazpi gauez joan behar da. Erritu hau pixkanaka gutxiagotuz joan da eta, gaur egun, bainu bakarra hartzen dute. Ama, ahizpak, izebak, lehengusinak, bizilagunak eta lagunak kandela, intsentsu eta “yu-yus” segida bat osatuz hammamera laguntzen dute.

Henaren errituala (Alheña)

Ezkontza tradizionaletan henaren errituala zazpigarren bainuaren ondorengo egunean hasten da, gorputza eta arimako yenun gaiztoak uxatzeko asmoarekin. Modu sinbolikoan, lehendabiziko andregaiaren esku eta oinetan hena kapa fin bat ematen da eta ondotik esnearekin kentzen da, gardentasunaren eta oparotasunaren zeinu. Hurrengo egunean neggacha batek (ekitaldi hauetan emakume espezialdua) antzinako erregela ezezagunak errespetatuz egindako arabesko, kaligrafia eta zeinu sinbolikoak erabiliz andregaiaren eskuak eta oinak margotzen ditu. Zeinu bakoitzak esanahi sinboliko bat dauka.

Zeremonia tradizionaletako sinbolismoak

Zeremoniaren ikuspuntutik ezkontza gaua esanguratsuena da: senargaiaren lagunek bi naggafatez (zeremonia maisuak) lagunduta, andregaia modu alegorikoan bere etxetik bahitzen dute eta senargaiaren gurasoen etxera eramaten dute. Ezkontidea ohore guztiekin hartzen dute. Gizongaia da ospakizunetan gurasoen etxera doan lehen gizona. Emaztearen aurrean Koraneko hainbat bertso erran ondotik, aurpegia estaltzen dion errezela kentzen dio andregaiari eta kopetan musukatzen du. Amaginarrebak, etxebizitza berria eskainiz, andregaiari esnez eta datilez betetako erretilua, giltza multzo bat eta ogi bat ematen dio.Esneak emaztearen bizitza txuriz tindatu nahi du eta datilek zortea adierazten dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun