Aurtengo txapel nagusia Amezketara joan da

ttipi-ttapa 2007ko martxoaren 12a

Elurbe eta Garmendia, Renobales saihestuz, Elizalde nekatu zuten

Larunbatean, Erreka elkarteak V. aldizkoz antolatzen zuen Malerrekako Eskuz Binakako Txapelketako finalak jokatu ziren Doneztebeko San Migel ikastetxeko pilota-lekuan. Hainbat mailatako 12 finala jokatu ziren, hortaz haurrenak, goizean-goiz hasi ziren.

9:00etan prebenjaminak izan ziren lehenak kantxara ateratzen. Bigarren zein lehen mailan, partida hagitz orekatuak izan ziren biak puntu baten aldearekin bukatu baitziren. Bigarren mailan, Oier Berasategi eta Mikel Lana nagusitu ziren Iñaki Maylin eta Julen Indaren aurka, 18 eta 17. Adin bereko lehen mailan, txapela Mikel Oteiza eta Julen Saldiasentzat izan zen Haritz Narbarte eta Eloy Garcia menean hartu baitzituzten 18 eta 17. Goizeko hirugarren finala, buruz burukoa izan zen, Julen Juankorena, Jon Belarraren aurka benjaminen 2. mailan. Lehena erraz nagusitu zen 18 eta 8. Ondotik maila bereko binakako finala jokatu zen, eta Julen Juankorena bigarren finala jokatu behar izan zuen Ander Iraolarekin batera Iosu Mitxeo eta Mikel Retegiren aurka. Huntan ere Iraola lagun zuela Juamkorena erraz nagusitu zen 18 eta 7, hortaz bigarren txapela jantzi zuen. Infantilen bigaren mailan, Jokin Hulade eta Julen Altxu, Cristofer Alvarez eta Jon Mikelarrenaren aurka aritu ziren. Lehia gogor baten ondotik lehenak puntu batengatik nagusitu ziren 18 eta 17. Goizeko 11:00etatik aitzinera, benjamin, kimu eta infantilen adineko lehen mailako finalen txanda izan zen. Benjaminetan, Iturbe eta Peña Tolosarrek ez zieten ezta aukerarik utzi Olaztiko Grados eta Fernandezi, 18 eta 2 hartu ztuzten menean. Kimuetan, Burlatako, Nobal eta Agirrenetzat izan zen garaipena. Oiartzungo Ugalde eta Irigoienen aurka jokatu zuten finala. Bi taldeak ongi aritu baziren ere, nafarrak 18 eta 9 nagusitu ziren. Goizeko azken finalean, Burlatako bertze talde bat aritu ziren Iribarren eta Mayans, Añorgako Gaztañaga eta Lizasoren aurka. Aitzineko partidako emaitza ber-bera izan bazen, 18 eta 9, huntan gipuzkoarrak izan ziren nagusi.

Eguerdian, urtero bezala, Santamaria jatetxean bazkaldu zuten. Guztira 100 bazkaltiar bildu ziren, eta hauen tartean 40 bat gomitatu. Bertan izan ziren, Miguel Pozueta Nafarroako Federaziokoa, Narciso Grijalda Errioxako Fuenmayor udaleko kirolen delegatua, eta Fermin Gimenez Cortijoko txapleketako antolatzailea. Gipuzkoako federaziotik ez zen inor agertu Euskal Ligako finalak egun berean jokatzen baitziren.

Arratsaldeko 16:30etik aitzinera, kadeteen, jubenilen eta helduen mailako finalak jokatu ziren. Aipatutako gazteenetan, Erreka taldeko Aiestaran eta Iraola, Barañaingo Iraizoz eta Taintarekin neurtu ziren. Gure eskuladekoak ederki aritu ziren, Aiestaranek sakea ongi aprobetxatu zuen, eta atzean Iraola norgehiagoka aparta atera zuen. Biek batera bikote orakatua osatuz finala 18 eta 8 irabazteko ez zuten lan handia izan. Jubenilen mailako finalean, Txaruta taldekoek Berria txapelketa jokatzen zutela eta, aldaketa batzuk izan ziren. Amezketako Iraola, Juanenearen ordez aritu zen, Xabi Madariagarekin batera. Bertze taldean berriz, Leundak Patxi Barberenaren ordez aritu zen Errekako Imanol Mitxelenarekin. Azken hauek 22 eta 15 nagusitu ziren. Aranztarra ederki aritu zen aitzinean, eta Amezketakoa berriz, atzean seguro. Seniorren 2. mailan Burlatako bi talde aritu ziren parez pare, baina ez zuten bat besteari oparirik egin, Garcia eta Gironez, aise nagusitu ziren 22 eta 10 Txorraut eta Irazebururen aurka. Final nagusiak, helduen lehen mailakoak igurikimen handia sortu zuen, alde batetik txapelketako atzelari onena, Amezketako Garmendia, eta bertzetik aurrelari onena Aurrera Saiazko Renobales. Lehenak herrikidea duen Elurbe izan zuen lagun, eta bertzeak berriz Txarutako Elizalde. Anitzen erranetan argi zen Renobales jokatzen uzten bazuten Gipuzkoarrek galduko zutela, beraz haien jokoan ahal bezain bat saihestu behar zuten. Elurbe zein Garmendia horretara aritu ziren, dena atzean jo zuten Elizalderen gainean. Aurrera saiazkoa jokoan sartzen saiatu zen, eta noizbehinka tanto paregabea egin zituen, baina bakan. Txarutakoak berriz, hasiera batean, eutsi bazion ere, pixkanaka-pixkanaka etsi zuen, eta azkenean Gipuzkoarrak 22 eta 7 irabazi zuten aurtengo txapela.

Partida guziak bukatuak zirela, sari banaketa egin zuten. Txapeldunek, federazio, antolatzaile eta laguntzaile ezberdinen eskuetatik jaso zituzten txapelak eta garaikurrak. Maila nagusian, garaileek, Elurbe eta Garmendia 700 euroko saria eskuratu zuten, eta txapeldun ordeek, Renobales eta Elizaldek 500 eurokoa. Antolatzaileek hagitz kontent agertu ziren aurtengo txapelketaren balorazioa egiteko orduan, eta laguntzaile guziak eskertzea ez zitzaien ahanztu. Hauen arabera, larunbatean 450 lagun pasatu ziren pilota lekutik finalen ikustera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun