Joan den martxoaren 6an Arcelor enpresako munduko langile guziek segurtasunaren eguna ospatu zuten gai honi buruzko hitzaldi eta ariketetan parte hartuz. Gure eskualdeko fabriketan, Legasan eta Lesakan ere hala egin zuten.
Enpresako administrazio kontseilutik jakinarazi dutenez, segurtasuna haien lehentasunetariko bat da, eta diotenez, langile guziek badute haien ardura. Munduko fabrika guzietan, segurtasuna eta osasuna helburu zuten ariketa programa burutu zuten. Batetik, segurtasun hitzarmenei, tabakoari eta elikadurari buruzko hitzaldiak eskaini ziren, eta bertzetik mota anitzetako ariketak edo erakustaldiak, tartean alturako lanetan hartu beharreko neurriak, zaurituak nola artatu eta suaren aurka nola jokatu. Horretarako Gurutze Gorria, Dya eta Mutuas erakundeen laguntza izan zuten. Enpresaren fusioan onartu zen politika berriaren osatzen, langileen ordezkariak, medikuak eta segurtasunean adituak diren lagun batzuk aritu ziren. Horrekin istripuen maiztasuna eta larritasuna murriztu nahi dute, eta denbora berean langileen osasuna hobetu.
Munduan zehar 330.000 langile parte hartu zuten egun horretan eta Nafarroan berean 1.200.