Binakako Urrezko Aizkolarien Txapelketa bukatu berria, berehala hasiko da banakakoa. Iaz bezala hiru mailatan jokatuko da, gazteena, 23 urte azpikoena eta nagusiena. Lehenean, 9 aizkolari lehiatuko dira, bigarrenean, bertze 9, eta azkenean 32. Aizkolari batzuk bi mailatan saiatuko dira.
Erran bezala gazteen mailan 9 aizkolari arituko dira Aitzol Atutxari txapela kentzeko. Horietariko 3 gure eskualdekoak izanen dira, Ander Erasun aurtiztarra, Oihan Larretxea beratarra eta Garikoitz Larretxea arraioztarra. 23 urte azpikoetan 9 parte hartzaileen artean bi izanen dira gure eskualdekoak, Leitzako Jon Rekondo, eta Labaiengo Xabier Mindegia. Azken bi hauek nagusien mailan ere lehiatuko dira, eta hauetaz gain bertze hiru Felix Etxeberria sunbildarra, Miel Mindegia ezkurrarra eta Donato Larretxea aranztarra. Gazteen mailako iazko txapelduna Otaegi aurtengo edizioan ez da arituko, baina maila nagusian Floren Nazabal hor izanen da, eta azken aldian erakutsi duen maila ikusi eta gogor aritu beharko da etxarriarrari txapela kentzeko.
Txapelketa, igandean hasiko da Garraldan jokatuko diren maila nagusiko hiru kanporaketekin. Sergio Mandazen Zegamako Jesus Mari Esnaolaren aurka neurtuko da bere publikoaren aitzinean. Jon Iriarte ere etxean arituko da Segoviako El Espinar herriko Jon Rodriguezen aurka. Hirugarren norgehiagokan, gure eskualdeko ordezkari bat izanen dugu. Berriro plazetara itzultzen den Felix Etxeberria sunbildarra Arostegiko Manolo Kañamaresen aurka arituko da.
Bete beharreko lanak 4 izanen dira, 45 ontzako bat kolpeka, bertze bat erlojuaren aurka, hirugarren bat zutik, eta iraupeneko proban, bi 54 ontzako eta 60 ontzako bat.