Pasa den asteburuan jokatu ziren Ipar Hegoa Kultur Astearen barnean egiten den Euskal Herriko III mus txapelketaren finalaurrekoak. Horietariko bat gure eskualdean jokatu zen, ortziralean Lesakako Arrano ostatuan, eta larunbatean Berako Kataku Ostatuan. Bi saioen artean martxoaren 17an Seguran jokatuko den finalean parte hartzeko txartela jokoan zegoen. Gure eskualdeko kanporaketan 20 bat bikotek parte hartu zuten eta finalean Aritz Cabello eta Andoni Larralde, Iñaki Larrañaga eta Alvaro Napalen aurka aritu ziren. Garaipena Lesakarentzat izan zen, eta horri esker final nagusian parte hartzeko eskubideaz gain 200 euro saria eskuratu zuten. Bigarrenak ez ziren esku hutsik joan bildots erdi bana irabazi baitzuten. Segurako finalean, sariak handiagoak izanen dira sailkatutako 14 bikoteen artean nagusitzen dena, txapela janzteaz gain, 1000 euroko saria eskuratuko baitu. Antolakuntzatik Ttipi Ttapari jakinarazi diotenez urtetik urtera gero eta muslari gehiago apuntatzen dira txapelketara, eta heldu den urtekoa oraindik arrakastatsuagoa izatea espero dute.