Emakumeen egunaren inguruan ekitaldi franko izanen dira gure eskualdean

ttipi-ttapa 2007ko martxoaren 6a

Igande eguerdian, herri kirol saioa eskainiko dute Lesakako plazan

Heldu den ortzegunean, martxoaren 8an, munduko hainbat herritan emakumeen eguna ospatuko da UNESCOk deituta. Horren kari, gure eskualdean ere hainbat ekitaldi antolatu dituzte heldu diren egunetarako. Ortzegunetik igandera, iaz bezala emakumeek egindako obren erakusketa zabalik egonen da Berako Kultur etxean. Aste tartez, arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara, eta asteburuan berriz, goizeko 11:00etatik 13:00etara eta arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara. 8an berean, arratsaldeko 8:00etan Bilgune Feministak deia zabaldu du, Baztan, Bortziri eta Malerrekako emakume guziei Elizondon biltzeko. Ortziralean berriz, beti ere gai honi lotua, bi hitzordu izanen dira gure eskualdean. Lehena, Igantziko Zahar Etxean, Kontukantoi taldeko ipuin kontalariek “Bazen behin…neska burugabe bat” lana eskainiko dute arratsaldeko 19:00etan. Ondotik afaria eginen da Zubiondoko jatetxean. Giroa alaitzeko Mikel Salaberri esku-soinularia arituko da. Parte hartu nahi dutenek 948 625 472 telefonora dei dezakete izena emateko. Igandean, Bortzirietako Berdintasun arloak emakumeen herri kirol saio antolatu du. Kirol munduan emakume eta gizonen artean dauden ezberdintasunak kontuan harturik, emakume kirolarien jabekuntzarako estrategiak landu nahi dituzte. Horretarako, neskak protagonista diren herri kirol saioak izanen dira ikusgai Lesakako plazan eguerdiko 12:30etik aitzinera. Igande arratsaldean azken hitz ordu bat izanen da Berako Kultur etxean Patricia Cardosoren “Las mujeres de verdad tienen curvas” pelikula eskainiko baita 19:30ean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun