Malerrekako eskuz binakako txapelketako finalak larunbatean jokatuko dira

ttipi-ttapa 2007ko martxoaren 6a

Elite mailako finala Renobales eta Elizalde, eta, Elurbe eta Garmendiaren artean jokatuko da

Erreka elkarteak antolatzen duen Malerrekako eskuz binakako V. Txapelketako finalak larunbatean jokatuko dira Doneztebeko pilota-lekuan. Goizean gazteenak arituko dira, eta arratsaldean berriz helduenak.

Lehen partidak goizeko 9:00etatik aitzinera hasiko dira. Prebenjaminen 2. mailan Iñaki Maylin eta Julen Inda, Oier Berasategi eta Mikel Lanaren auka arituko dira. Adin bereko lehen mailan berriz, Mikel Oteiza eta Julen Saldias, Haritz Narbarte eta Eloy Garciaren aurka. Goizeko hirugarren finala, buruz burukoa izanen da, benjamin mailan Julen Juankorena Jon Belarrarekin neurtuko da. Ondotik binakako partidak izanen dira berriz ere. Benjaminen bigarren mailan, Josu Mitxeo eta Mikel Retegi, Ander Iraola eta Julen Juankorenaren aurka arituko dira. Infantiletan beti ere bigarren mailan, finala Jokin Hualde eta Julen Altxu, eta Cristofer Alvarez eta Jokin Alvarezen artean jokatuko da. 11:00etatik aitzinera, benjamin, kimu eta haurren lehen mailako finalen txanda izanen da. Lehenean, Tolosako Iturbe eta Peña, Olaztiko Grados eta Fernandezen aurka lehiatuko dira. Ondokoan, Oiartzungo Ugalde eta Irigoien, Burlatako Nobal eta Agirre I.aren aurka, eta azkenik, Añorgako Gaztañaga eta Lizaso, Burlatako Iribarren eta Mayansen aurka.

Goizeko partidu guziak jokatu ondotik, urtero bezala bazkaria izanen da Doneztebeko Santamaria jatetxean. Bertan pilota munduko hainbat jende famatua gomitatuko dituzte, tartean, Otxandorena eta Altzugarai pilotari profesionalak, Nafarroako Pilota Federazioko presidentea Miguel Pozueta eta Euskadiko federazioko hainbat ordezkari. Interesatuak daudenek ere izena eman dezakete ortziralea baino lehen 948450043 edo 617792401 telefono zenbakietara deituz.

Arratsaldeko 16:30etik aitzinera, helduagoen finalak jokatuko dira. Kadeteetan, Barañaingo Iraizoz eta Tainta, Errekako Aiestaran eta Iraolaren aurka neurtuko dira, eta jubeniletan, Txarutako Xabi Madariaga eta Garikoitz Juanenea, Ekaitzako Imanol Mitxelena eta Txarutako Patxi Barberenaren aurka. Eguneko azken bi partidak helduen, mailakoak izanen dira. Bigarren mailan, Burlatako bi talde izanen dira parez pare, Garcia eta Girones, eta Txorraut eta Irazeburu. Elite mailan, gure eskualdeko ordezkari bat izanen dugu. Txaruta taldean aritzen den Elizalde, Aurrera Saiaz taldeko Renobalesekin arituko da, Amezketako Elurbe eta Garmendiaren aurka. Azken final hau 7:30ak aldera hasiko da. Norgehiagoka huntan txapelketako aurrelari eta atzelari hoberena aurrez aurre ikusteko parada izanen da, alde batetik Renobales eta bertzetik Garmendia. Bi taldeen artean faboritorik ez dago. Aurrera Saiazko aurrelariari sartzen uzten badute, Gipuzkoarentzat norgehiagoka zaila izanen da, baina gainetik pasatzea lortzen badute txapela janzteko aukera izanen dute Amezketarrek.

Final guziak bukatu bezain laster sari banaketa izanen da, txapelak, garaikurrak eta txapelketa nagusiaren kasuan 700 euro irabazleentzat eta 500 txapeldun ordeentzat. Azpimarratu behar da Malerrekako txapelketak urtetik urtera ospe gero eta handiagoa izaten duela, horren adierazgarri dugu, joan den urteko txapeldunak, Belloso eta Oteiza, Asergacerekin profesionaletara pasatu zirela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun