Oinetakoak

ttipi-ttapa 2007ko mar. 6a, 15:26

ttipi-ttapa

Dagoeneko aurtengo udaberri-uda denboraldia hastear dago eta kolore eztanda haundia datorrela aipatzekoa da.

Haurrak

Haurrei dagokienez, pistatxo, laranja, turkesa, urdina, gorria, beige eta txuria nabarmenduko dira koloretan. Oinetako itxi eta irekiak eramanen dira, larruzkoak beti ere eta haurraren oinaren formara ongi egokitzen direnak.

Neska eta mutilak

Neska eta mutilentzako sandalia aunitz ikusiko da.

Emakumeak

Emakumezkoen kasuan aukera desberdinak daude. Zapata erosoa eta malgua aurkitu daiteke, eguneko 24 ordutan erabiltzeko modukoak. Zola fina eta larru biguna izateko joera ere badago eta koloreei dagokionez, batez ere beige, txuria, gorria, urdina eta marroi iluna eramanen dira. Sandaliak oso irekiak izanen dira, harri, aro eta hebilla bezalako apaingarriekin. Gazteleraz esclava, merceditas eta bailarina bezala ezagutzen diren oinetakoak ikusiko dira erakus lehioetan, zilar edo urre kolorean, kolore biziak ahaztu gabe.
Zapata dotoreagoa bilatzen badugu, forma oso berexiko takoiak aurkituko ditugu, ez oso altuak eta oinarentzako erosoak. Takoiaren formara egokituko diren punta finak ikusiko ditugu oraindik eta egunero ibiltzeko oinetakoetan baino apaingarri gutxigo eta txikiagoak izanen dituzte.
Oina zabala dutenentzat, zabalera berexia duten sandaliak badaude, moda eta erosotasuna elkar lotzen duen larru trentzatuarekin eginak. Bertzalde, uda honetan espartzu zola duten oinetako koloretsuak ez dira faltako.

Gizonak

Gizonezkoen kasuan oinetakoen malgutasuna izanen da ezaugarririk nabarmenena eta oinetako irekien alde apostua eginen da. Kirol oinetakoetan zola oso finak ikusiko dira, eskaladan erabiltzen diren horien itxuran oinarritzen direnak.

Osagarriak
Osagarriei dagoekienez, pasmina eta zapi koloretsu haundi nahiz txikiak aurkituko ditugu, 60. hamarkadako kutsua duten irudi eta marrekin. Hondartzarako zapiak eta apaingarri asko duten gerrikoak. Gerriko arruntenek ere hebilla deigarriak izanen dituzte.
Boltsoak ere forma geometrikokoak dira eta oinetakoen kasuan bezala, hebilla eta aroekin apaindutakoak. Kolore txuria asko ikusiko dugu denboraldi honetan, beige, gorria eta beltzarekin batera. Neurri desberdineko boltsoak, eskuan eramaten direnak eta sorbaldan eramatekoak helduleku motzarekin. Hala ere, ez ahaztu modelo klasikoentzako lekua badagoela.
Laburbilduz, aurten modelo, forma eta kolore aukera zabala izanen dugula erran daiteke, edozein okasiotan konbinatzeko erraxak. Guztion gustuak eta beharrak asetzeko osagarriak ere aurkituko ditugu. Erosotasuna eta moda elkarrekin doaz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun