Udaberriaren etorrerarekin, aurten saltokietako erakusleihoak kolorez beteko dira. Inoiz baino gehiago, udaberri koloretsua izanen da. “Zer jantziko da udaberrian?” galderari erantzuteko aukera bat baino gehiago dago. Tendentziak daude, kolore jakin batzuen goraipatzea dago…baina azken batean norberak bere estiloa hautatu eta sortzen du, kolore eta arropen konbinazioa medio. Konbinazioan dago beraz gakoa.
Kolore biziak nagusituko dira udaberrian; berdea, horia, arrosa, laranja, urdina eta gorria besteak beste. Kolore bereko kapak gain ezartzen dira, degradea osatu eta azken batean hiru dimentsioko efektua lortzen da. Arropa berean, koloreak konbinatzen dira ostadarraren moduan, jantzi guzian edo kamiseta zein txaketen ertzetan.
Kolore anitzeko kamiseta marradunak izanen ditugu. Arrosa koloreak garrantzi berezia izanen du. Hala, arrosa koloreak, tonu eta ideia gehien eskainiko ditu bai arropetan, bai zapata zein osagarrietan. Askotan gorriarekin nahastuko da, emaitza ikusgarria lortuz.
Zuria eta beltza: elkarrekin edo bereiztuta. Zuria bakarrik erabiltzen bada argitasuna eta itxurarentzat onuragarria izanen da. Zuria eta beltza estilo askorekin konbinatzen dira, zuria nahi den gorputzaren atala nabarmentzeko eta beltza aldiz,izkutatzeko erabiltzen da.
Estanpatu geometrikoetan asko ikusiko da zuria eta beltzaren arteko konbinazioa.
Urre koloreak, edo bakarrik erabilita edo zuriarekin nahasita, oso emaitza erakargarria lortzen du. Ehun errustikoekin nahasiko da urre kolorea. Ehun errustikoetan, lihoa, kotoizko ehuna, beste etnietatik hartutako ehunak besteak beste izanen ditugu.
Brilloak eta harriak zein saten ehuna, arropa dotoreetan eta bestetarako arropetan ikusiko ditugu eta bakeroa zein kirolerako zapatillekin nahasiko dira kontrastea lortzeko.
Lentzeria estiloko arropa ere erabiliko da, 50.hamarkadako janzkera gogoratuko diguna.
Gerrian arrimatutako top-ak, kortse antzekoak, bakarrik edo kamiseta baten gainetik jarriko dira, eta gona zabalekin konbinatuko dira.
Estanpatuak nagusitzen dira; geometrikoak, loreak edo komikiak, arropa, top eta galtzetan ikusiko dira. Loreek izanen dute garrantzi handiena.
Tendentzia aipagarriena udaberri-uda denboraldian, garai desberdinetako arropen nahasketa izanen da. Estanpatu eta ehunak hiri handietako azoketan aurkitzen direnen estilokoak izanen dira. Koloreak eta ehunak gain ezartzen dira. Marradun estanpatuak loreekin edo irudi geometrikoekin anarkikoki nahasten dira, eta estanpatu desberdinak eramanen dira kamisetan edo atorran eta gona edo galtzetan. Luxozko ehunak errustikoekin nahastuko dira, luzera desberdina duten arropak gain ezarriko dira eta kolore elektrikoa duten gerrikoak jantziko dira.
Gona motzak galtzen gainetik jantziak, gasa-ehuneko arropa lorez apainduak eta kotoizko kamiseten gainetik jantziak ikusiko ditugu. Asimetriak eta arroparen mozketa desberdinek gorputza nabarmenduko dute.
Ia dena nahasten da, betiere ehunen kontrastea eta efektu kromatikoa kontutan hartuz. Uda honetan denen gusturako gonak aurkituko ditugu: miniak, belauneraino iristen direnak, luzeak, bolantedunak, bakerozkoak, gasa-ehunezkoak, lihozkoak eta kotoizkoak.
Kolore eta ehun desberdinetako galtza piratak ere asko ikusiko dira. Galtza bakero luzeak zein pirata moduan eramanen dira, kolorezko josturak kanpo aldera tolestuz edo luzeak diren galtzak behekaldean moztuz. Hala, sandaliak nabarmenduko dira, hauek, lisoak eta leunak izanen dira. Bestalde, bailarina antzeko zapatak edo kirola egiteko zapatilla koloretsuak erabiliko dira.
Koloreek alaitasuna eta optimismoa ekartzen dutela esaten da, beraz denboraldi ona datorkigula pentsa genezake.
Eguraldiaren laguntza besterik ez dugu behar!