Sunbillako inauteriak

ttipi-ttapa 2007ko martxoaren 6a

TTIPI TTAPA

Igande honetan, azken urteotako iñauteriek izan duten arrakasta ikusita, berriz ere jende pila bat bilduko da Sunbillako karriketan. Ikusleek, gainera, hotzari aurre egiteko pintxoren bat eta salda bero pixko bat jan-edateko aukera izanen dute, sunbildarrek horretarako espres egiten baitute karroza bat.

Baina igandea iñauterietako azken eguna da Sunbillan. Aitzinetik ere aski asteburu mugitua izaten dute sunbildarrek, ortziral goiz-goizetik hasita:

Ortziralean, puxka biltzea eta emakume afaria

Ortziral goizeko 9etan abiatuko dira iñauteriak, Itturburu ostatuan abiatu ere. Hantxe bilduko dira gazteak gosari ederra egiteko. Ondotik, baserrietara joanen dira urteroko eskea egitera, Modesto eta Joxe Angel akordeolariekin. Etxe guzietan ederki hartuko dituzte eskean etorritakoak, dudarik ez, bainan bereziki Istolan eta Ezkeneko bordan. Izan ere, eguerdiko 2etan bazkaria eginen dute bi baserri hauetan.

Arratsaldeko 5etan txokolatada izanen da Ulibeltzak elkartean haurrentzat, Mikel Salaberriren musikarekin. Akordiolaria udaletxera joanen da gero eta dantzaldia arkupetan izanen da, bai haurrentzat eta bai helduentzat arratseko 8etatik aitzin 10ak aldera arte.

Arratseko 10,30ak aldera, gazteek Elor-Txurin afalduko dute, eta emakumeek berriz, Ulibeltzak elkartean. Aurten Joxe Angel izanen da musika jarriko duena.

Larunbatean gazteak goizeko 9etarako Iruribietan bilduko dira gosaltzeko, eta ondotik herrian barna aterako dira eskean, goizean Modesto eta Mikel Salaberrirekin. Arratsaldean ere bi akordiolariak arituko dira, baita arkupetan ere. Eguerdian Fondan bazkalduko dute, eta herrian eskean ibiliko dira, arratsaldeko 8,30etan mozorroen dantzaldia izanen da arkupetan Modesto eta Mikel Salaberrirekin. Aurten berrikuntza gisara, pailazoak izanen dira Ulibeltzak elkartean arratsaldeko 5ak aldera. Arratsean Bustitz jatetxean afalduko dute.

Aitzineko bi egunetan bezalaxe, igande goizeko 9etan gosaltzeko bilduko dira sunbildarrak, oraingoan koadrila bakoitza bere txokoan. Herria bisitariz beteko da laster, eta sunbildarrak karrozak hartuta herrian barna desfilean ibiliko dira. Aitzineko hilabeteetan egindako lana erakusteko ordua da, karroza horiek ez baitira egun batetik bertzera prestatzen. Goizeko 12:00etan abiatuko da desfilea Doneztebeko Beti-Alai txarangarekin. Zerria eta bildotsaren zozketa eginen da desfilea akitutakoan. Gero, Ulibeltzak elkartean herri bazkaria eginen da.

Bazkalondoan Jalisko Band taldearen musika izanen dute giroa alaitu eta iñauteriak ongi akautzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun