Langabeziak behera egin du otsailean

ttipi-ttapa 2007ko martxoaren 5a

Beherakada industria arloan sumatu da batez ere

Urte huntako bigarren hilabetean eskualdeko langabeziak behera egin du nabarmen. Urtarrilean eboluzioa kontrakoa izan bazen, otsaileko zenbakiak baikorrak izan dira. Hilabete bukaeran 43 lagun guttiago kontatzen ziren Doneztebeko Inem bulegoko zerrendetan. Otsailaren hasieran gure eskualdeko 709 lagun ziren lan gabe, eta hilabete bukaeran 666. Beherakada, %6koa izan da.

25 urte baino gehiagoko biztanleek aprobetxatu dute gehien bat. Urtarrilaren bukaeran, emakumeetan 395 ziren zerrendetan apuntatuak, eta hilabete bat beranduago, 30 guttiago dira, 365 hain zuzen. Adin bereko gizonezkoetan ere, beherakada polita izan da, otsailaren hasieran, 238 ziren langabezian apuntatuak, eta bukaeran berriz 222, 16 guttiago. 25 urte baino gazteagokoetan ez da aldaketa nabarmenik izan, gizonezkoetan 3 guttiago dira, eta emakumeetan, langabeziak gora egin du 6 lagunez. Martxoa hastean 25 urte baino guttiago duten 39 emakume daude langabezian, eta 40 gizon.

Beherakada industria arloan ikusi da batez ere. Hilabete batez, 39 lagun guttiago dira arlo horretan lana bilatzen dutenak, otsaila hasieran 203 ziren, eta orain berriz 164. Eraikuntzan eta zerbitzuan ere behera egin du, baina ez da hain nabarmena izan. Lehenean 3 guttiago dira Inemeko zerrendetan apuntatuak, eta bertzean 8 guttiago. Hortaz martxoaren hasieran 53 ziren eraikuntzan lana bilatzen zutenak, eta 413 zerbitzuetan. Kontaketetan hartzen diren bertze bi arloak aldiz, pixka batez bada ere, gora egin dute. Nekazaritzan 11 dira, duela hilabete baino 3 gehiago, eta inoiz lanik egin ez dutenetan 25, otsaila hasieran baino 4 gehiago.

2006ko otsailean eskualdeko langabeziak behera egin zuen, baina ez hain nabarmen. Joan den urteko beherakada %2koa izan zen, eta aurtengoa, erran bezala %6koa. Kopuruei begira berriz, gaur egungo datuak hobeak dira. Iaz, garai berean, 700 lagun ziren langabezian, aurten baino 34 gehiago. Pasa den hilabetean, langabeziaren beheraka orokorra izan da herrialde osoan, baina gure eskualdean izan da handiena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun