Igande goizean Larraintzarren jokatutako Nafarroako Herri Kirol jolasen bigarren jardunaldia lehenaren antzekoa izan zen gure eskualdeko taldeentzat, Basaburua eta Igantzi lehen postuetan ibili ziren, eta aranztarrak, hobera egin bazuten ere, nahiko makal.
Kimuen mailako proba konbinatuan, aitzineko igandean bezala Berriozarko bi taldeak nagusitu ziren, ondotik Ultzamako taldea, eta 4. eta 5. postuan Basaburua eta Igantziko taldeak hurrenez hurren. Lehen jardunaldiari konparatuz, gure eskualdeko bi taldeek postu bat galdu zuten. Haur mailako proba konbinatuan, sailkapenaren buruan aldaketak izan ziren. Igandean, Txantrea A taldekoak izan ziren hoberenak, ondotik Igantzikoak izan ziren eta 3. tokian baztandarrak. Arantzako taldeak aitzineko jardunaldian bezala 8. postuan bukatu zuen. Kadeteen mailan, gure eskualdeko bi taldeek postu batez gora egin zuten. Basaburukoek proba irabazi zuten, eta aranztarrek laugarren postua eskuratu.
Soka tirako haur mailako A multzoan joan den astean bezala Baztandarrak lehen postua eskuratu zuten. B multzoan, Igantziko taldeak duela aste bateko emaitza ber-bera lortu zuen, bigarren Txantreako taldearen ondotik. Kadete mailan, gure eskualdeko talde bat besterik ez da, hau da Basaburukoa. Aitzineko astean bigarren gelditu bazen, Andre Mari taldearen ondotik, bigarren jardunaldi huntan, garaipena lortu zuten.
Nafarroako Herri Kirol Jolasen 3. jardunaldia heldu den igandean jokatuko da Berroetan goizeko 11:00etatik aitzinera.