Laxoa Elkarteak VIII. aldikoz antolatu duen paxaka txapelketako finalak joan den larunbatean jokatu ziren Iruritako Pilota-lekuan. Final nagusia orekatua izan zen, baina 2 jokorengatik Irurita B taldea osatzen duten, Oskar Urrutia, Igor Urrutia eta Andres Elizainzin nagusitu ziren 9 eta 7 Irurita E taldeko Jesus Etxenike, Guillermo Etxenike eta Cesar Iñarrearen aitzinean.
Hirugarren posturako finalean, Iruritako bertze talde bat Ipar Izar taldearen aurka aritu zen ordu bat goizago. Hau ere nahiko orekatua izan zen, baina azkenean lapurtarrak, Cristian Mendiburu, Iñaki Mendiola eta Hari Idoate 9 eta 6 gailendu ziren Irurita C taldeko Martin Alfaro, Iñaki Etxandi eta Migel Bidegainen aurka.
Paxaka txapelketa bukatu berria, Laxoa Elkarteak berehala ekinen dio aurtengo laxoa txapelketa antolatzeari. Horretarako bilera eginen dute heldu den ortziralean arratsaldeko 20:00etan. Interesatua dagoen edozeinek joan daiteke, baina elkarteko kideek jakinarazi dutenez, herri bakoitzeko arduradun bat agertu beharko luke. Txapelketan parte hartzeko izenak martxoaren 16a arte hartuko dira.